Urrian ospatuko dira aurtengo santelmoak

Baleike 2020ko api. 3a, 14:39

Urriaren 10, 11, 12, 17 eta 18an ospatuko dira aurtengo San Telmo jaiak. Herriko kirol eta kultur eragile eta ostalariekin bildu ostean hartu du erabakia Zumaiako Udalak. 

Jaiek zumaiarrentzat duten garrantziaz ohartuta, eta alarma egoerak sortu dituen eragozpenak tarteko, santelmoak ospatzeko data berrien bila aritu da Zumaiako Udala. Ekainaren amaieran edo urriko bi asteburutan ospatzeko proposamena egin die Udalak herriko kirol eta kultur eragileei eta ostalariei, eta eragile gehienek urrian ospatzea nahiago dutela adierazi dute. Urriaren 10, 11, 12, 17 eta 18an ospatuko dira aurtengo santelmoak. 

Hogeitik gora eragilerekin batera hartu du erabakia Udalak: bertso eskola, txosna batzordea, musika eskola, txistulari banda, udal musika banda, Arbustain motor elkartea, haur eta helduen danborraden antolatzaileak, Itxas Gain elkartea, UCC-Scalextrix elkartea, trikitilariak, San Pedro abesbatza, Erkibe kultur elkartea, Beheko Plaza elkartea, mugimendu feminista, txaranga, pilota elkartea, zaldi lasterketaren antolatzaileak, estropaden antolatzaileak eta K2 xake elkartea, besteak beste. Ostalariekin ere partekatu dute San Telmoen data berrien gaineko eztabaida, baita Elizarekin ere.

Udal gobernuak eragile horien erabakia berretsi, eta gainontzeko udal taldeei erabakia jakinarazi ostean, “herritar guztiei aurten San Telmoak ospatu egingo direla” adierazi nahi izan diete herritarrei.

Eragile guztien artean eta garaiz erabakiko dute zein ekitaldi antolatu. “Bizi dugun egoerak aukera ematen digunean ekingo diogu agenda guztia berrantolatzeari eta jaien kasuan batik bat eragile guztiekin hartuko dira erabakiak”, azaldu dute.