Nerea Alonso, Londresen bizi den zumaiarra: "Konfinamendua saihestu nahi zuten, baina argi dago horrek egoera larritu duela"

Baleike 2020ko api. 4a, 09:30

Nerea Alonso (Zumaia, 1990) duela bederatzi urte joan zen Londresera unibertsitateko ikasketak egitera, eta bertan jarraitzen du oraindik. Beste herrialde batzuen egoeraz jakitun, Erresuma Batuko gobernuak "azkarrago jokatzea" espero zuen. Haren hitzetan, konfinamendua ekidin nahi zuten, horrek "herritarren eta enpresen inguruan" sortuko zituen eraginak saihesteko.

-Koronabirusa ere heldu da Ingalaterrara. Zein da egoera gaur egun?
Gaur gaurkoz 25.150 koronabirus kasu positibo daude Erresuma Batuan, horietatik 21.000 baino gehiago Ingalaterran. Martxoaren 24tik konfinamenduan gaude hiru asterako.

-Hasiera batean, Italiako eta Espainiako albisteak heltzen zirenean, nola hartu zuen gaia Ingalaterrako jendeak?
Hasieran Italiako albisteekin jendea beldur zen ea Ingalaterrara iritsiko ote zen edo ez. Espainiara ere hain azkar zabaltzen hasi zenean, jendea beldurtuta eta urduri ikusten zen. Dendak ikusi besterik ez zegoen: jendea erosketa handiak egiten, janaria etxean pilatzen... hustu egin ziren saltokiak.

-Boris Johnson lehen ministroak ez zuen hasiera batean arriskua oso serio hartu, ezta?
Ematen du hasieran ez zuela oso serio hartu arriskua, ez. Konfinamendua saihestu nahi zuten, horrek herritarren eta enpresen inguruan ekarriko zituen eraginak zirela eta, baina argi dago horrek egoera larritu duela.

Konfinamendua saihestu nahi zuten, horrek herritarren eta enpresen inguruan ekarriko zituen eraginak zirela eta, baina argi dago horrek egoera larritu duela.

-20.000 hildako ontzat hartu zituen, edo halako zerbait, eta itxialdiaren aurka agertu zen, horrek gizartea inmunizatuko zuelakoan. Halako deklarazioen ondoren kritika handiak jaso zituen nazioarte mailan, baina zer zioten han?
Hemen ere kritika asko jaso ditu. Beste herrialde batzuen egoera ikusita, espero genuen hemen ere berdina gertatzea. Horregatik, jendeak gobernuak azkarrago jokatzea espero zuen.

-Johnson bera eta Galeseko printzea daude kutsatuen artean. Horrek aldatu al du iritzia?
Ez, herritarrek Boris eta printzea kutsatu aurretik ere serio hartu zuten koronabirusa. Hala ere, oso azkar pasatu da guztia, eta jendeak zer esaten duen ikusteko gaude oraindik.

- Hasiera batean ez, baina gero itxialdia gordetzeko agindua eman dute agintariek. Herritarrek nola hartu dute? Errespetatzen al dute? Kostatu al zaie?
Ba denetik dago, zorrotz betetzen dutenak eta ez dutenak oso serio hartzen. Lehenengo egunetan jendeari asko kostatu zitzaion. Hemen alde batetik bestera ibiltzera gaude ohituta, eta etxean sartuta egotea ez zitzaion jendeari buruan sartzen. Ematen du orain jendeak serioago hartu duela.

Hemen alde batetik bestera ibiltzera gaude ohituta, eta etxean sartuta egotea ez zitzaion jendeari buruan sartzen. Ematen du orain jendeak serioago hartu duela.

Hala ere, zaila da esatea. Itxialdia gordetzeko agindua eman arren, egunean behin kirola egitera irtetzeko baimena daukagu, beraz, zaila da esatea kalean ikusten duzun jendea serio hartzen ari den edo ez.

- Agintariek, zientzialariek, zer aurreikuspen egiten dute? Noiz bukatuko da arriskua?
Zaila da horrelako gauza bati data bat jartzea, baina esaten dute hiru bat hilabete pasatu beharko dutela arriskua desagertzeko. Itxaron eta ikusi egin beharko dugu.

- Zure kasuan, zer eragin dauka itxialdiak? Nola ari zara itxialdia bizitzen?
Nik musika klasikoaren munduan egiten dut lan, kontzertuen eta grabazioek kudeaketan. Guztia oso dramatikoa izan da gure industrian. Egun batzuen buruan guztia geldirik geratu da. Udara bitarte ekitaldi guztiak bertan behera utzi dira, eta orain hasi dira udakoak ere bertan behera geratzen.

Beraz, etxean lan pixka bat egiten, baina egiteko askorik gabe.

- Hemengo albisteak jakin zenituenean, pentsatzen al zenuen halakorik bizitzea tokatuko zitzaizula?
Hasieran Txinan hasi zenean oso urruti ikusten nuen guztia, baina Espainiako albisteak ikustean oso garbi ikusi nuen hona ere iritsiko zela. Egun batzuen kontua besterik ez zen.

- Bueltatzeko asmorik ba al duzu?
Bai, noski! Hemendik urte batzuetara bueltatzeko asmoa neukan, baina agian hau guztia eta gero pentsatzen nuena baino lehenago bueltatu beharko dut? Ikusiko dugu…