Perutik atera ezinik dago Irati Lozano zumaiarra

Baleike 2020ko api. 1a, 17:15

Irati Lozano Rodriguez, 24 urteko zumaiarra, Huanchaco (Peru) herrian dago herrialde horretatik irten ezinik, kontsulatuak bidali behar dion igarobidearen baimena lortu arte. 

Unibertsitatearen bitartez praktikak egitera joan zen Perura urtarrilaren 11n. Lozanok azaldu duenez, behin praktikak bukatuta, Hego Amerikan bere kabuz egun gehiago igarotzea erabaki zuen, Fovida erakundeari laguntzeko. Hor harrapatu du koronabirusaren krisialdiak. Aurreikusita zeuden jarduera guztiak bertan behera geratu ziren, eta bere lehen asmoa Ekuadorrera joatea bazen ere, Huanchaco herrian geratu zen.

Lozanoren esanetan, behin herri horretara heltzean, 24 ordu eman zizkioten hamabost eguneko berrogeialdia igarotzeko leku bat aukeratzeko. “Ostatu batean geratzea erabaki nuen. Han atzerritar gehiago ere bazeuden”. Huanchacon espainiar jatorriko hiru pertsona zeudela dio; bik ateratzea lortu dute, baina Lozanok ez, igarobiderik lortu ez duelako.

Espainiako turistak etxeratzeko hegaldi gehiago antolatzen dituztenean –Iberiaren bidez–, autobusa ere jarriko dute Trujillotik Limara joateko –hamabi orduko bidea da–. Huanchacotik Trujillo herrira eramango duen igarobide bat behar da, eta hori lortzeko lanetan dabil zumaiarra. Baina, zumaiarrak dioenez, Espainiak Perun duen enbaxadatik eta kontsulatutik erantzunik ez du jaso. Ondorioz, igarobiderik ez izatean, azken egunetan ezin izan du Huanchacotik atera. 

Arazoak ez dira hor bukatzen, zumaiarraren esanetan. “Baldintzen arabera, turistek gaua hotel batean pasa behar dute gero hegaldia hartzeko. Gauak hotelean 80 dolar balio du. Nik gaua pasatzeko badut etxea Mirafloresen, baina aukera hori ez didate ematen”. Egoera berean aurkitzen diren lagunek osatutako ‘Atrapados en Peru’ izeneko talde batean eman dizkioten telefono zenbakietara deika dabilela dio, baina erantzunik ez omen du jaso. “Ez dago nahikoa jende lan hau egiteko, eta boluntarioak ari dira lan hauetan”, dio. Eusko Jaurlaritzako kanpo larrialdietako zerbitzuarekin ere harremanetan jarri da. Haien aldetik laguntza handia jasotzen ari dela adierazi du.

Apirilaren 12ra arte ezarri dute alarma egoera Perun, eta Lima hiribirura joateko zailtasunak daude. Liman dagoen pertsona baten bidez Iberiako arduradun baten telefonoa lortu duela dio, “baina hark dio Trujillora joateko igarobidea behar dudala. Ahal dudan guztia ari naiz egiten, baina ez dut enbaxadako edo kontsulatuko erantzunik”. 

Une honetan Huanchacoko ostatu batean dago, 19 nazionalitate desberdineko jendearekin. “Ingalaterrako jendea dago, Alemaniakoa… Hango gobernuen laguntza handia jasotzen ari dira; ni neu egiten ari naizen lana haiei beraien gobernuek egin diete”.