Eneiru garaile beste behin Egunean Behin jokoko Baleikeren taldean

Baleike 2020ko mar. 30a, 10:42

Eneiru erabiltzailea izan da beste behin ere garaile. Honenbestez, Maiaur Izozkiak establezimenduak emandako gosaria eskuratuko du konfinamendua amaitzean. Denboraldiko irabazlea ere erabakita geratu da dagoeneko; Asier izan da zortzi asteotan puntuazio altuena bildu duen erabiltzailea. 

Martxoaren 23tik 29rako astean Eneiru erabiltzailea izan da Egunean Behin jokoko Baleikeren taldean garaile. Hain zuzen ere, 572,06 puntu eskuratu ditu. Honenbestez, astero Maiaur Izozkiak establezimenduak irabazlearentzat eskainitako gosari ederra eskuratuko du.

Denboraldiko jokalari onenaren saria ere erabakita geratu da: Asier izan da zortzi asteotan puntuazio altuena bildu duen erabiltzailea. Beraz, Bai Bidea jatetxeak emandako bi lagunentzako otordua izango du opari konfinamendua amaitzean. 

Sariak eskuratzeko, bidali posta eletronikoko mezu bat aldizkaria@baleike.eus helbidera izen-abizenekin eta telefono zenbakiarekin; konfinamendua amaitzean eta egoera bere onera itzultzean banatuko dugu saria.

Otsailaren 3tik martxoaren 29ra bitartean jokatu da 3.denboraldia, eta konfinamendua dela eta Egunean Behin jokoko sortzaile den Codesyntax enpresak Egunean² lehia berezia abiatu badu ere, Baleikeren lehia bukatu da dagoeneko. Beraz, Baleikek ez du aste honetan saririk banatuko. 

Gaurtik aurrera, Egunean²
Gaur, astelehena, ohiko partida jokatu ahal izango dute Egunean Behin jokoko erabiltzaileek. Partida horretan puntuaziorik altuena eskuratzen duten 50 erabiltzaileek eta zozketaz hautaturiko beste 100ek zuzeneko partida bat jokatzeko aukera izango dute bihar, asteartea, 19:00etan hasita. Jakinarazpena bidaliko diete zuzenekora sailkatu direnei goizean bertan, eta Egunean Behinen lehen pantailan ikusiko dute zuzenekora sartzeko botoia. Hogei minutuz, partida bikoitza jokatuko dute 150 erabiltzaile horiek, eta gainerakoek YouTuberen bitartez jarraitu ahal izango dute,Hiru Damatxok prestatutako quiz show-a. 

Aste honetan, egunez egun, 50 onenak eta zozketaz erabakitako 100 gonbidatuak zuzeneko partida jokatuko dute biharamunean. Jokalariak ez dira errepikatuko, hau da, zuzeneko final batera iristen denak ezin izango du beste zuzeneko batean parte hartu.