Bost koronabirus kasu berri atzeman dituzte Zumaian

Baleike 2020ko mar. 29a, 14:05

Eusko Jaurlaritzak atzo 20:00ak arte bildutako datuen arabera, Zumaian hamabost lagun daude gaitzak jota. Kasu kopuruaren azken igoera hau orain arteko handiena izan da.

Igotzen jarraitzen du egunez egun koronabirusak kutsatutako eskualdeko herritarren kopuruak. Herenegungo datuekin alderatuta, hamahiru kasu positibo gehiago atzeman ditu Osakidetzak, atzo 20:00etan eguneratutako datuen arabera. Horiek gehituta, guztira, 78 dira eskualdean birusak erasandako herritarrak. Kontuan izan behar da sintomak dituzten herritar guztiei ez dietela egiten proba, beraz, datu ofizialek diotena baino altuagoa da izatez kutsatuen kopurua.

Hamahiru positibo berri horietatik bost Zarautzen atzeman dituzte. Hala, herri horrek eskualdeko kutsatuen zifrarik altuena izaten jarraitzen du, alde handiarekin: 47 dira dagoeneko. Zarautzeko kopuruaren igoera bera izan du Zumaiakoak: bost positibo gehiagorekin, hamabost dira han COVID-19a hauteman dieten herritarrak. Aian, Azkoitian eta Orion kasu berri bana aurkitu dute, eta guztira, lau gaixo daude gaur arte Azkoitian eta Orion, eta bi Aian. Azpeitian eta Getarian hiruna kasu dituzte hautemanda, eta atzo eguneratutako datuetan ez zen aldaketarik izan kopuruan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, momentuz ez dute koronabirusa duen herritarrik atzeman.

Euskal Herriko datuei erreparatuta, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, azken 24 orduetan 604 kasu positibo atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (168 Araban, 313 Bizkaian eta 123 Gipuzkoan), hiru lurraldeetan jaitsi egin da hautemandako kasu berrien kopurua. Nafarroan, bertako gobernuak 11:30ean eguneratutako datuen arabera, 2.011 gaixo daude guztira. Beraz, Hego Euskal Herrian 7.751 dira COVID-19aren proba egin eta positibo eman dutenak.

Azken 24 orduetan 24 herritar hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehen aldiz Bizkaiak Arabaren hildako kopurua gainditu du: gaur arte 116 hildako izan dira Bizkaian, eta 115 Araban; Gipuzkoan 34 izan dira hildakoak. Nafarroan, guztira, 84 pertsona hil dira gaitzaren ondorioz, beraz, datuak batuta, Hego Euskal Herrian 349 dira koronabirusaren ondorioz hildakoak.