Martxan da 'Barrutik' argazki lehiaketa

Baleike 2020ko mar. 29a, 11:36

Mugikorrarekin ateratako argazkiak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek, eta sariak Gertu elkartearen denda edo jatetxeetan erabiltzeko baleak izango dira.

Konfinamenduko orduak arintzeko Barrutik argazki lehiaketa antolatu dute Zumaiako Udalak, Distira argazki elkarteak, Gertu merkatari eta ostalarien elkarteak eta Baleikek.

Mugikorrarekin ateratako argazkiak aurkeztu ditzakete zumaiarrek lehiaketara. Gaia librea da, baina etxean edo etxetik ateratako argazkiak izatea da baldintza. Lanak apirilaren 14ra bitartean aurkezteko aukera izango da, alondegia@zumaia.eus helbidera bidalita; antolatzaileek eskatu dute zortzi megatik beherako artxiboak bidaltzeko. Mezuan egilearen izen-abizenak eta adina zehaztu beharko dira eta, gehienez, hiru argazki bidaltzeko aukera egongo da.

Epaimahaia Kultur eta Turismo sailetako teknikariek eta Distira eta Baleikeko ordezkariek osatuko dute, eta bi sari banatuko dituzte: 16 urte bitarteko gazteek Gertu elkartearen dendetan erabiltzeko balea eskuratuko dute, kultur edo kirol materialetan erabiltzeko; 16 urtetik gorakoek, berriz, Gertu elkarteko jatetxe batean afaria lortzeko aukera izango dute.

Bestalde, lehiaketan parte hartzen duten guztien artean Gertuk emandako 50 euroko bi erosketa txartel zozkatuko dira.

Argazkirik onenak zumaia.eus webgunean argitaratuko dituzte.