Marea gora

Asier Hilario. Geologian doktorea eta Geoparkeko koordinatzaile zientifikoa 2020ko mar. 29a, 10:00

Ez dago zalantzarik. Klima berotzen ari da, Artikoan eta Antartikan dagoen izotza Urtzen ari da eta itsas maila gora dator. Ez da ondorio bakarra izango, ezta gutxiago ere, baina gure kostaldean nabarmenena izango da. Baina ba al dakigu zehazki zenbat igoko den? Eta zer ondorio izan ditzakeen igoera horrek gure kostaldean? Gure hondartzetan? Gure azpiegituretan?

Erantzuna ez da erraza, baina bai, badaude ondo landutako modeloak. IPCCk (International Panel for Climate Change) argitaratu duen azken txostena kontuan izanik BC3ko (Basque Center for Climate Change) ikertzaileek gure kostalderako azterketa sakona egin dute egoera desberdinak kontuan izanik. Balizko egoera horiek RCP izena dute (Representative Concentration Pathway) eta hurrengo hamarkadetan egongo diren negutegi gas isurketen menpe daude. Nolakoa izango da klima 2100. urtean? Gure esku dago. Isurketak asko murriztu eta Pariseko protokoloa betetzen badugu (RCP 2.6), klima 1,5 Co berotu daiteke, baina gure hazkunde eta kontsumo modeloa aldatzen ez badugu eta isurketen hazkundea bussines as usual mantentzen badugu (RCP 8.5), klima 5 Co berotu daiteke. Hauek dira bi egoera horietan gure kostalderako aurreikusten diren igoerak:

Antartika, Galea, Sakoneta eta Urola. Klima eta itsas mailaren gorabeherak azken milaka urteetan.

Klima aldaketa eta itsas mailaren hazkundea ondo ulertzeko, ezinbestekoa da denboran atzera begiratzea. Nolakoa izan da klima iraganean? Eta itsas mailaren gorabeherak? Erantzunak Antartikan eta gure kostaldean bilatuko ditugu.

Azken milaka urteetako klima ulertzeko Antartikara joan behar dugu. 1999. urtean Vostok izeneko behatoki zientifiko batean 3.590 m-ko sakonera zuen zundaketa bat egin zuten. Izotz testigu horren azterketak argi erakutsi zuen azken 400.000 urteetan klimak eta CO2-ak gorabehera dezente izan dituztela eta horiek ziklikoak izan direla. Oro har, esan daiteke glaziazioak eta interglaziazioak 100.000 eta 20.000 urteko zikloetan errepikatzen direla. Azken glaziazioa duela 20.000 urte inguru izan zen, eta azken interglaziazioa duela 120.000 urte. Garai hotzenetan atmosferako CO2 kontzentrazioa 180 ppm (parts per million) izan zen eta garai beroenetan 280 ppm inguru. Horrela mugitu da modu naturalean azken milioi urteetan. Gaur egun atmosferako CO2 kontzentrazioa 413 ppm da eta hazkunde hori azken 100 urteetan eman da bereziki. Hori da gakoa. Horregatik pentsatzen dugu egungo klima aldaketa ezohiko zerbait dela, klimaren eboluzio naturaletik nabarmen ateratzen delako.

Glaziazio eta interglaziazio horiek itsasoaren mailan izan duten eragina aztertzeko antzinako marearteko zabalguneak aurkitu behar ditugu gure kostaldean. Duela 120.000 urte, klima beroa izan zen azken aldian, itsas maila gaur baino 20 metro altuago egon zen. Punta Galeako zabalgunea da itsas maila altu horren ondorio nabarmenena.

Duela 20.000 urte, ordea, klima hotzagoa izan zen eta itsas maila 100 m beherago egon zen. Ekain margotu zutenek kostaldea gaur egun baino 8 bat kilometro urrutiago zeukaten. Gaur egungo marearteko zabalgunea itsas barrura 8 kilometro jarraitzen badugu, 100 m sakonera iritsiko gara eta perfilean itsasoa beherago egon zen momentu desberdineko marearteko zabalguneek utzitako 6 eskaloi ikusiko ditugu. Modu naturalean, azken 20.000 urteetan, itsas maila 100 m inguru igo da. 

Lupa gertuago jarri nahi badugu, gure estuarioetan begiratu behar dugu. Horietan pilatzen diren harribiribilak, hareak eta buztinak itsasoa eta ibaiaren arteko orekaren ondorioak dira. Deba, Urola, Urdaibai, Txingudi eta beste zenbait estuariotan egindako ikerketek argi erakusten dute azken urteetan itsas mailaren igoera jada hasi dela azkartzen.

    • Duela 10.000–7.000 urte bitartean itsas maila 9-12 mm/urtean igo zen. Orduan sartu zen hondarra bailaretan gora eta garatu ziren gure estuarioak (Santiago).
    • Duela 7.000–3.000 urte bitartean itsas maila 0,3-0,7 mm/urtean igo zen. Orduan garatu ziren estuarioetako gune buztintsuak (Bedua).
    • Duela 3.000 eta 200 urte bitartean itsas maila egonkortu egin zen.
    • eta XX. mendeetan 2mm/urtean igotzen hasi zen.
    • 1990-2020. urteetan 3-4 mm/urtean igotzen ari da.

Itsas mailaren igoeraren ondorioak

Gure kostaldean marea jaitsi eta igotzen denean itsasoak 4 metroko gorabehera egiten du. Itsas igoera batek labarretako higadura indartuko luke, baina salbuespenak salbuespen, hori ez da arazo handia izango.

Hondartzek, aldiz, gehiago sufrituko dute. Itsasbeheran Itzurunek 200 bat metro zabal ditu, baina marea altuenetan, berriz, Itzurun ia desagertu egiten da. Atera kontuak: 2100. urtean itsas maila metro bat igoko balitz...Labarretan harrapatuta dauden hondartzak ez dute irtenbiderik, eta Kontxa ere ez da salbuespena.

Hondartzek badute itsas mailaren igoerei aurre egiteko mekanismo propioa. Dunak dira. Hori da gure hondartzen despentsa naturala. Itsasoak dunak higatuko ditu eta hondartza poliki-poliki atzerantz mugituko da. Arazoa da gaur egun duna sistema gehienak guztiz antropizatuak daudela (Gros, Ondarreta, Orio, Zarautz eta Deba). Zarautz da adibide argiena. Itsasoak eta olatuek gora egiten dutenean, malekoian dauden taberna eta lokal guztiak dar-dar egiten dute. Iñurritzako biotopoan, aldiz, itsas ekaitza bakoitzean dunak higatu egiten dira eta modu naturalean osatzen dira itsasoarekiko oreka mantenduz.

Arazo nagusia itsasotik urrunago dauden tokietan egon daiteke, estuarioetan, alegia. Hor daude aldapa eta altuera baxua duten eta urpean gera daitezkeen zabalgune gehienak, eta horietako asko eraikin eta azpiegituraz beteak daude. Bilbo da kasu guztietan argiena, baina ez bakarra.

Ez da profezia bat. Urteetan zehar zientzialariek landu dituzten modeloak dira. Gero eta zehatzagoak. Horri esker, gaur bertan has gaitezke egokitzeko eta eragina gutxiagotzeko neurriak martxan jartzen. Gure esku dago. Klima aldaketa egungo modeloa aldatzeko aukera paregabea da.