Bi koronabirus kasu baieztatu dituzte Otezuri egoitzan

Otezuriko egoitza desinfektatu dute gaur goizean su-hiltzaileek, kanpoa eta barrua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman dutenez, hamabost dira Gipuzkoako egoitzetan atzemandako koronabirus positibo berriak; horietatik bi, Zumaiakoak.

Atzoko datuen arabera, Gipuzkoako egoitzetan 65 koronabirus kasu daude atzemanda: horietatik 52 adineko pertsonen egoitzetan, eta gainerako hamairuak desgaitasuna dutenentzako egoitzetan. Hain zuzen, jakinarazi dute Zumaiako Otezuri adinekoen egoitzan bi kasu atzeman dituztela. Hain zuzen, atzo bertan desinfektatu zituzten suhiltzaileek Zumaiako bi egoitzak: San Juan eta Otezuri.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Eider Mendoza bozeramaileak gogorarazi du martxan dagoela Telezaintza  telefono zerbitzua (900-43 43 43), "erabiltzaileen zein familien bizitza erraztea helburu duena", eta horretarako, zazpi-hamar pertsonako taldea ari dela lanean. Bertan, lurraldeko gizarte baliabideetako erabiltzaileen eta familien beharrei erantzungo diete: "Erabiltzaileen beharrak zentralizatu eta kudeatzeko zerbitzua da, beti ere, ematen ari garen zerbitzua eta arreta hobetzeko helburuarekin", azaldu du Mendozak.

San Juan egoitzaren atarian, desinfekzio lanetan hasteko prest. Argazkia: Gipuzkoako Su-hiltzaileak