Antxoa sasoia, atzeratuta

Maria Maya Manterola 2020ko mar. 25a, 17:54
Emeterio Urresti Getariako Kofradiako kidea (Maria Maya Manterola)

Gutxienez, apirilaren 13ra arte geldirik izango dira sarez arrantzatzen duten arrantzontzi handiak. Langileek koronabirus gaitza harrapatzea saihesteko erabaki dute momentuz antxoa sasoia atzeratzea.

Osasun krisialdiaren eragina gero eta nabariagoa da ekonomian. Getarian, esaterako, arrantzaren sektorea gogor astindu du koronabirusak. Martxoaren 1ean hasi zen antxoa kanpaina atzeratu behar izan dute, langileak kutsatzeko arriskuagatik. "Gaitza geroz eta indar handiagoa hartzen ari zela ikusita, eta ontzi bakoitzeko herri ezberdinetako hamabost arrantzale inguru ditugula kontuan izanik, arrantzatzeari utzi diogu", azaldu du Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak. Haren hitzetan, koronabirusaren prebentzio neurriak jarraitzeko baldintzarik ez zuten arrantzontzietan, eta halakoetan ezin da "zorteaz baliatu". Hala eta guztiz, Urrestik argitu nahi izan du ez dutela baieztatu koronabirus kasurik arrantzaleen artean.

Berdelaren sasoia izaten da lehendabizi; antxoarena gero. Berdela arrantzatzeko duten kupoaren eta flotaren eraginez, arrantzontzi handiek astebetean arrantzatzen dute, sareak erabilita. Kupoaren % 90 arrantzatu dute dagoeneko, Urrestiren arabera. "Bi merkatu ditu berdelak: % 80-edo izoztu egiten da, eta gainontzekoa kontsumo freskora bideratzen da. Bizkaian eta Gipuzkoan baditugu izozteko plantak, eta badaude merkatu horretan lan egiten duten enpresak", azaldu du Urrestik. Haren hitzetan, "merkatu ona" du berdel izoztuak: "Arrain guztiek dute beren merkatua, eta horixe da berdelarena: zati txiki bat kontsumo freskorako izaten da; eta zati handi bat izozteko, ondoren atzerrira esportatu ahal izateko". Bestelakoa da egoera motor txikia duten ontzien kasuan: "Haiek amuarekin arrantzatzen dute, denbora luzez. Kupoa bete bitartean lanean jarraituko dute".

Ontzi txikiek berdelaren kupoa bete artean lanean jarraituko dute

Bi edo hiru asteko geldialdia izango dela aurreikusten dute: "Martxoaren 1etik genuen antxoa arrantzatzeko baimena, baina gehienetan apirilaren erdialdean hasi izan gara zeregin horretan. Uste dugu nahikoa epe badugula, eta apirilean arrantzatzen hasi eta ekainaren erdialdera arte arrantzatuko bagenu, kostera normala izango genuke: kontsumorako, fabriketarako eta denerako". Urrestik aitortu duenez, zeharka bada ere, jende asko mugitzen da arrantzaren bueltan: arrantzaleak, arrainsaltzaileak, bezeroak, kofradiakoak... Eta "denen onurarako" hartu dute gelditzeko erabakia.

Kofradia zabalik da egunotan, gutxieneko zerbitzua eskaintzen: "Flota nagusia geratuta dago, eta administrazio lanak baditugu; enkantean, berriz, bi langile ditugu. Gutxieneko langile kopurua ari da lanean; amuarekin aritzen diren ontzi txikiek behar duten zerbitzua eskaintzeko soilik ari dira".

Koronabirusa "gaitz serioa" dela iruditzen zaio Urrestiri, eta horregatik, gaixotasunaren inguruan sortutako "festa giroa eta umorea" errespetatu arren, errespetua da bueltan eskatzen duena: "Jendea hiltzen ari da, jende asko dago adinekoen egoitzetan ere, eta kontuan hartzekoa iruditzen zait".

Jaitsi egin dira salmentak Elkano arrandegian. Hala ere, "nahiko ondo" doakie negozioa

"Getarian asko nabarituko dugu antxoaren eta berdelaren falta", dio Joxe Joakin Iribar Getariako portuko Elkano arrandegiko saltzaileak. Alarma egoeran igo egin da supermerkatuetan erosketak egiteko joera, eta hori ere nabaritu du Iribarrek. "Jaitsi egin dira gure salmentak; asko, gainera. Herritik nahiko urrun gaude", dio. Hala ere, negozioa "nahiko ondo" doakiela aitortu du Iribarrek. Urrestik bezala, Iribarrek ere antxoaren sasoia gainontzeko urteen parekoa izatea espero du: "Apirilaren 13tik aurrera, ohi bezala joango dela uste dut". Bapore txikiek amuz arrantzatzen duten berdela saltzen dute Elkano arrandegian, eta berdelari dagokionez, ez dute "inolako arazorik".

Arrantzaren sektoreko beste zenbait enpresa ere kaltetu ditu krisialdiak; horien artean, kontserba lantegiak. UROLA KOSTAKO HITZA Getariako zenbait lantegirekin jarri da harremanetan; hala ere, egoeraren estutasuna medio, ez dute adierazpenik egin nahi izan.