Gipuzkoako Arraun Federazioak aurtengo batelen liga amaitutzat eman du

Baleike 2020ko mar. 24a, 12:00

Neguko giro txakurrak ez, oraingoan birus batek eman dio amaiera Gipuzkoako batel ligari. Gipuzkoako Arraun Federazioak liga amaitutzat ematen duela jakinarazi du. 

Negu giroagatik ligako estropada asko bertan behera geratu izan dira aurreko urteetan, eta urte batean edo bestean udaberrian izan zuten gaztetxoek arraunean aritzeko aukera. Aurten espero baino azkarrago amaitu da liga, koronabirusa dela eta. Gipuzkoako Arraun Federazioak amaitutzat eman du liga, beste kirol jarduera asko bertan behera geratu diren bezala. 

Federazioak gaineratu du une honetan sailkapenean puntu gehien dituena izango dela irabazle bere kategorian.

Aurreikusita zeuden hamabi jardunaldietatik sei jokatu dituzte (otsailaren 16an Zumaian jokatu behar zen jardunaldia bertan behera geratu zen hego haizeagatik). Hala, Tolosaldea A izan da irabazlea infantil neskatan, eta Zumaia laugarren izan da. Infantil mutiletan San Juan izan da irabazlea, eta Zumaia bigarren izan da. Promesa neskatan San Juan A izan da irabazlea; Zumaia A hirugarren izan da, eta Zumaia B 11. Zumaia D izan da irabazlea kadete mutiletan; Zumaia A hirugarren izan da, Zumaia B zazpigarren eta Zumaia C hamahirugarren. 

Jubenil neskatan Tolosaldea A izan da irabazlea eta neska absolutoetan Donostiarra A. San Juan izan da onena jubenil mutiletan, eta Zumaia laugarren izan da. Gizonezko seniorretan Donostiarrak irabazi du. 

Sailkapenak hemen ikus daitezke.

Gipuzkoako txapelketa

Gipuzkoako batel txapelketa hilaren 4an eta 5ean zen jokatzekoa, baina konfinazio garaian tokatzen denez, hasierako data horiek bertan behera utzi ditu federazioak. Hala, prestutasuna erakutsi du txapelketa denboraldi honetan zehar jokatzeko, baina datarik ez du oraindik jarri.