Gutxieneko zerbitzuetan zabalduko ditu bihar ateak GKNk

Baleike 2020ko mar. 23a, 18:35

Pasa den asteazkenetik itxita zegoen GKNk ateak zabalduko ditu bihar, zerbitzu minimoetan. Enpresak lan erregulazio txostena zabalduko duela ere jakin da gaur.

Aste gorabeheratsua izan zen pasa den astean GKNk Zumaian duen faktorian. Ezarritako protokoloa betetzen ez zela eta, astelehenean Ertzaintzari deitu zioten langile beraiek. Behargin batek koronabirus proban positiboa eman zuela jakin zen asteartean, eta asteazkenean bertan zuzendaritza berak eman zuen enpresa ixteko agindua.

Enpresako zuzendaritza eta ordezkari sindikalak gaur goizean bildu dira, eta enpresa bihar berriro zabaltzeko akordiora heldu dira. Gutxieneko zerbitzuak egingo dituztela adierazi dute sindikatuko kideek, urgenteak diren enkarguak ateratzeko. Plantillaren %10ek egingo du lan, GKNk dituen 400 langiletik 40k –20 produkzioan eta beste 20 bulegoetan–.

Enpresak laneko erregulazio txostena aurkeztuko duela ere jakin da gaur. Printzipioz alarma egoera igaro arte izango da dosierra indarrean. Zuzendaritza eta sindikatuak bihar goizean geratu dira txosteneko xehetasunak lotzeko.