Iñaki Olaizola: "Hemen dioten bezala, 'gure aitonei gerrara joateko esan zieten, guri etxean geratzeko bakarrik...'"

Baleike 2020ko mar. 23a, 12:40

Iñaki Olaizola zumaiarra Italiako iparraldean bizi da, Trentino eskualdeko Cles herrian. COVID-19 gaitzaz kutsatutako herrikide batzuk badira herri horretan, baina Italiako beste eskualde batzuekin alderatuta egoera ezin dela konparatu dio.

Koronabirusaren krisialdia Italian nola bizitzen ari diren galdetu diogu posta elektronikoz egindako elkarrizketa honetan.

Nola ari zarete bizitzen koronabirusaren krisi hau? Bai familia aldetik, eta egunerokoan ere.

Bada, lan aldetik niretzako ez da askoz aldatu gauza. Azkeneko bi aste hauetan beti joan izan naiz lanera. Segurtasun neurri denak hartuta, noski. Guantak, maskarilla... Hilaren 23tik aurrera gure bezero asko itxita daudela eta, produkzioa erdira eramatea erabaki dugu, pixka bat jendea txandan etxean geratu dadin. Nire emazteak ere denda egun erdiz irekita dauka: belardenda bat dauka, eta legez ireki dezake, inor ikusten ez bada ere. Nire alaba, berriz, krisi hau hasi zenetik (dagoeneko bi aste Italian) ez da ia etxetik irten, etxeko jardinera joateko bakarrik. Kontserbatorioko ikasketa denak Skype bidez egiten ditu. Eta lanaz aparte denok etxean gaudenean, bada betikoa: musika pila bat, pelikulen bat edo jardinean gure katuekin jolasten.

Zuen herrian edo eskualdean eragin handirik izan al du?

Esan behar da gure inguruko beste herri batzuekin konparatuta (Lombardia eta Veneto, bereziki), Trentinon egoera ez dela orain arte hain larria. Dena den, gure herrian ere, Clesen, ofizialki lau kasu positibo dauzkagu.

Noiz sortu ziren lehen kasuak eta zer bilakaera izan du?

Lonbardian, Lodi probintziako herri batzuetan lehen kasuak otsaila bukaeran agertu ziren. Baita ere Paduako (Veneto) herri txiki batean. Bi zona hauek berehala koarentenan jarri zituzten baina zoritxarrez birusa dagoeneko zabalduta zegoen iparraleko herrialde denetan.

Hasieran serio hartu al zen arazoa? Edo nahiko arin?

Bada, egia esateko hasieran jende gehienak nahiko “a la ligera” hartu zuen; zuk esaten duzun bezala hartu zuen gauza. Adibidez, martxoaren 7-8ko asteburuan, dagoeneko arazoa larria zela jakin arren, eta agintarien aholkuei entzun gabe, hemen inguruko eski pista denak beteta zeuden eta jende erdia kanpotarra zen, Lonbardiatik etorritakoa, batez ere.

Italiako gobernuak nola erantzun edo erreakzionatu du? Berandu? Garaiz?

Zumaiarrez esaten den bezala, “jakinez gain” esan liteke berandu erreakzionatu duela. Baina egia da egoera zeharo berria dela denontzako, eta ulertzen dut ez zela erraza lehenago hartzea neurri erradikalak.

Orain Italia erabat itxita dago. Neurria ari da eraginik izaten?

Koarentena erradikala ezarri zuten lehengo bi zona horietan, Lodin eta Paduan, badirudi azkeneko egun hauetan ez dela kasu berririk agertu. Seinale itxiera orokorra, serio eginez geroz, arrakasta duela.

Ixtearen erabakia nola hartu du Italiako gizarteak?

Gehiengoak nahiko serio, beharrezko neurri bezala. Azken finean, hemen modan jarri den esaera batek dioen bezala: “gure aitonei gerrara joateko esan zieten, guri etxean geratzeko bakarrik...”. Hala ere badago oraindik egoeraren larritasuna ulertu ez duen gutxiengo bat.

Zer somatzen duzu zure bizilagunen artean? Beldurra?

Lehen esan bezala, egoera berria da denontzako. Hemen esaten dute  Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik gaur egunera arte egon den krisi larriena dela. Horregatik jendea beldurtuta ala, gutxienez, kezkatuta dago.

Eta zu zeu?

Ba besteak bezala, kezkatuta. Oraindik lanera joaten naizenez gero beti dago arrisku estraren bat, etxekoentzat batez ere.

Noizko esaten dute bueltatuko dela egoera normaltasun batera?

Esaten dute  datorren aste erdian, martxoaren 26 edo 27 aldera, kutsaduraren kurbak buelta eman beharko lukela. Normaltasunera bueltatzeko, berriz, dena ondo badoa, apirila osoa pasa beharko du.