Zumaian ez da koronabirus kasurik detektatu

Baleike 2020ko mar. 19a, 15:40

Osakidetzak eman dituen azken datuen arabera, eskualdean COVID-19 gaitza duten zazpi pertsona daude; horietatik sei Zarautzen eta bat Getarian. Bestalde, azken 24 orduetan hamalau hildako izan dira Euskal Herrian. Bizkaiko erietxe bateko erizain bat hil da, osasungintzako lehen langilea.

Osakidetzak lehen aldiz herriz herriko datuak eman ditu, eta bertan agertzen denez, Urola Kostan zazpi pertsona daude COVID-19 gaitza dutenak. Eskualdetik positibo eman dutenetatik sei kasu Zarautzen izan dira, eta bat Getarian. Osakidetzaren dokumentuan ez da zehazten, ordea, paziente horien egoera zein den. Bestalde, koronabirusak jotako herritarren kopuruak etenik gabe hazten jarraitzen du Euskal Herrian. Gutxienez, COVID-19 gaitzak jotako 1.679 herritar daude Euskal Herri osoan —atzo baino 320 gehiago—, eta 58 lagun hil dira, horietatik 14 azken 24 orduetan. 

Eusko Jaurlaritzak gaur ere eman ditu koronabirus kasuen inguruko datu eguneratuak, eta atzotik 217 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.190 lagun daude kutsatuta hiru lurralde horietan: 621 Araban –atzo baino 76 gehiago–, 393 Bizkaian –atzo baino 96 gehiago– eta 176 Gipuzkoan –atzo baino 45 gehiago–. 455 daude erietxeetan, eta atzoz geroztik, hamahiru pertsona hil dira: guztira, 53 dira zendutakoak –35 Araban, hamaihiru Bizkaian, bost Gipuzkoan bost.

Nafarroan, berriz, 482 dira gaitzak jotako herritarrak, atzo baino 96 gehiago. Azken 24 orduetan hildako bat izan da Nafarroan, eta guztira bost dira koronabirusagatik hil direnak. Han, 132 lagun daude erietxean. Aldiz, Ipar Euskal Herriko datuak ez dira zehatzak: Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan hogei gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez zazpi eri eraman dituztela Baionako erietxera, Lapurdin. Horiek horrela, gutxienez, COVID-19 gaitzak jotako 1.679 herritar daude Euskal Herri osoan —atzo baino 320 gehiago—, eta 58 lagun hil dira. —atzo baino 14 gehiago—.

Lehen hildakoa, osasungintzan
Eguerdian agerraldi bat egin dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Nekane Murga Osasun sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Bertan, Urkulluk jakinarazi du Osakidetzako 52 urteko erizain bat hil dela koronabirusagatik. Sei egun zeramatzan ospitaleratuta, eta bart hil da. Urkulluk doluminak helarazi dizkie senide, lagun eta lanide guztiei, eta osasun arloko langileen lana "eredugarria" dela nabarmendu du.

Bestalde, Urkulluk jakinarazi du sakelako telefonoetarako aplikazio bat garatzen ari dela Eusko Jaurlaritza, herritarrek erregistratu ahal izan dezaten beren osasun egoera, kasuen prebentzio, jarraipen eta identifikazio lana indartzeko.Urkulluk azaldu du eredu horrek funtzionatu duela beste herrialde batzuetan, eta aplikazoia euskal enpresa batek garatu duela, Osakidetzarekin elkarlanean. Datorren astean egongo da eskuragarri.

"Etxean egoteak zentzu bat dauka: zentzu hori azpimarratu behar dugu. Etxean egotea guztion ossasuna bermatzea da, osasun publikoa bermatzea», gaineratu du Urkulluk: «Pertsona bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da. Ez da topiko bat; ezinbestekoa da autobabeserako neurriak hartzea, eskuak garbitzea eta ukondoarekin estaltzea ahoa eztulka egitean, sintomak dituztenak ez egotea kontaktuan adinekoekin".

Bestalde, enpresek ia 10.000 langileri eragingo liekeen 500dik gora lan erregulazio aurkeztu dituztela-eta, Urkulluk aitortu du "arduratuta" dagoela baina lanean ari direla: "Denok naho dugu gaixoaldi honen eragina mugatua izatea denboran, eta ekonomian duen eragina ere mugatua izatea".