"Arduraz eta kontzientziaz", etxera ez itzultzea erabaki dute

Baleike 2020ko mar. 19a, 09:07
Aisling Bux Belgikan ari da ikasketak egiten.

Lovaina hirian da Aisling Bux zumaiarra. Koronabirusa ez hedatzeko neurri gogorrak hartu ditu Belgikako Gobernuak ere. Etxera ez itzultzeko erabakia hartu dute berak eta bere pisukideek.

Koronabirusaren krisialdiaren eragina kontinente osora zabaltzen ari da azken egunotan. Zenbait hedabideren arabera, Europa da orain koronabirusak sortutako pandemiaren foku nagusia – Italian 29.000 kasu daude; Espainian, 9.000; Frantzian, 5.400; eta Alemanian, 4.900–. Belgikan harrapatu du Aisling Bux zumaiarra osasun krisialdi honek. Ikasketa beka bati esker bidaiatu zuen Lovaina Belgikako hiri unibertsitariora irailean: "Inoiz esperoko ez genukeen bizipen batean murgiltzekotan geuden". COVID19aren berri izan zutenean ez zuten espero Buxek eta bere pisukideek beren bizitzetan eragina izatea; orain, ordea, ikasle pisutik atera ezinda daramatzate egunak, "beldurrak, etxeminak eta ezjakintasunak" inguratuta.

Koronabirusa Europan zehar zabaltzen ari zela jakin zutenean, Italiara antolatu zuten bidaia izan zen lehenbiziko kezka. Martxoaren 26an ziren Veneziara joatekoak hiru lagun, Erasmus bekan ezagututako lagun baten etxera. Italiaren iparraldean za-baltzen ari zela jakinda ere, joateko asmoari eutsi zioten: "Hasiera batean, histeria atake kolektibo baten moduan ikusi genuen".

Euskal Herrian gertatu bezala, joan den astea erabakigarria izan da Belgikan ere. Inguruko herrialdeekin alderatuta, baxua da kutsatuen kopurua –400 belgikar kutsatu dira guztira–, baina gobernuak neurri zorrotzak hartu ditu dagoeneko. Kiroldegiak eta tabernak itxi dituzte, dendak aste barruan bakarrik zabaldu ahal izango dute, unibertsitateko ikasketak etxetik egin beharko dituzte... "Kontuan izan behar da Belgikako kaltetuak hamar aldiz gainditzen dituela Espainiak. Hala eta guztiz ere, neurriak azkarrago hartu dira, eta herritarren aldetik baita serioago ere".

Erasmus programan parte hartzen duen unibertsitateak ohartarazi ditu etxera itzuli eta egoera luzatuz gero, programa osoa bertan behera uzteko arriskua dutela. Horrek ondorio larriak izan ditzake, Buxen arabera: beka osoa itzuli beharra, unibertsitateko ikasturtea errepikatu beharra...

"Metro karratu gutxi batzuetako ikasle-pisu batetik atera gabe daramatzagu sei egun", dio Buxek. Etxera ez itzultzeko erabakia hartu dute, berak eta pisukideek "arduraz eta kontzientziaz", Euskal Herrian dituzten gertukoak ongi egongo direlakoan.