Zumaiako sortzaileen emanaldiak, #EtxetikMundura egitasmoaren bidez

Baleike 2020ko mar. 18a, 09:27

Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideek kultur sortzaileen emanaldiak eskainiko dituzte bihartik aurrera. Baleike.eus-en, adibidez, Maialen Velarderen, Esti Curielen eta Roberto Gutierrezen saioak ikusi ahal izango dira. Herriko sortzaileek ere bidal ditzakete beren bideoak. Ostegunean izango da lehen emanaldia, 20:00etan.

Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideek –Karkara, Baleike, Uztarria, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Zarauzko Hitza– #EtxetikMundura egitasmoa jarriko dute martxan bihar, osteguna. Hain zuzen ere, Urola Kostako hainbat sortzailek bideo bidezko emanaldiak eskainiko dituzte beren etxeetatik; tartean dira hainbat sortzaile azpeitiar ere.

Dagoeneko hainbat dira egitasmora batu diren herritarrak, eta Baleike.eus-en, adibidez, Maialen Velardek, Esti Curielek eta Roberto Gutierrezek eskainiko dituzte saioak. 

Urola Kostako tokiko hedabideen webguneetan nahiz Urola Kostako Hitzaren atarian ikusi ahal izango dira emanaldiak ostegunetik aurrera. Egun bakoitzean, 20:00etan hasita, beren herriko sortzaileen saio bana emango dute tokiko hedabideek –Baleike.eus-ek ere bai–, eta eskualdeko bideo guztiak Urola Kostako Hitzaren nahiz Erlo Telebistaren webguneetan izango dira ikusgai.

Koronabirusaren eraginez hartu du #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia UKTk; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du UKTk, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Dagoeneko hainbat saio ditu lotuta Urolako Komunikazio Taldeak, baina zerrenda horretan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!