Ekoizpena gora, ikusleak behera

Ihintza Elustondo 2020ko mar. 16a, 11:08

Gero eta jende gutxiago joaten da zinemara; hala diote datuek. Leku guztietan antzeman dute jaitsiera, baita eskualdean ere. 50 urtetik gorakoak dira ikusle gehienak. Ezbairik gabe, eragina izan dute plataforma digitalek.

Gero eta zinema gehiago ekoizten da Euskal Herrian, euskarazko gero eta film gehiago dago, eta kalitatea ere goraka doala diote adituek. Badirudi loraldi horrek berarekin ekarri behar dituela ikusleak, baina hori ez da horrela. Zinema aretoetan gero eta jende gutxiago elkartzen da. Are gehiago: zenbait herritan zinema kudeatzeaz arduratzen diren erakundeak galera nabaritzen ari dira. Beraz, argi dago: zerbait gertatzen ari da.

Azpeitian duela bi urte antzeman zuten etena; 2018ko abenduan. Kulturaz kooperatiba arduratzen da Azpeitiko Soreasu antzokiaren kudeaketaz, eta han ematen dituzte filmak; kooperatiba horretako gerente Xabier Aranbarrik azaldu duenez, “nabarmen” jaitsi da azkenaldian zinemara joaten den ikusle kopurua. “2018aren amaieran eta 2019aren hasieran nabaritu genuen jaitsiera, eta pentsatzen genuen eguraldi ona egiten ari zelako izango zela. Buelta etorriko zela uste genuen, baina oraindik ez da etorri, eta ez dut uste etorriko denik”.

Aranbarri ez da ausartzen beherakada hori eragin duen arrazoi bat ematera: “2018an Netflixek izen pixka bat hartu zuen, baina ez dakit hori ote den arrazoia. Izan ere, ez dauka zerikusirik film bat etxean edo zineman ikusteak. Etxean, zapping egiten hasten zara, ez zara adi egoten… Zineman, berriz, film horretan zentratzen zara, eta beste dena ahazten duzu. Baina bizi garen abiaduran ez diogu horri garrantzirik ematen. Bizpahiru gauza aldi berean ikustea gustatzen zaigu, baina zer gertatzen da? Askotan ez dugula bat bera ere ganoraz ikusten. Presazko dinamika batean bizi gara”.

Kopuruak esku artean ditu Aranbarrik. 2017tik 2018ra %6 igo zen ikusle kopurua Soreasu zinema aretoan. Hurrengo urtean, berriz, 2018tik 2019ra, %9 jaitsi ziren ikusleak –umeen eta helduen filmak kontuan hartuta–; umeen filmetako ikusleakbakarrik zenbatuta, %27koa izan zen jaitsiera.

Haren arabera, adin tarte bateko jendea ez da joan ere egiten zinemara: 9 eta 15 urte bitartekoen artean nabaritzen du hutsunea Kulturazeko kideak. “Eta jartzen ditugu beraientzako moduko filmak, baina ez dira joaten. Beste ohitura batzuk dituzte: kalean ikusten ditut, edo ikastetxean nahiz futbol zelaian… Lehen, adin horretako gaztetxoak zinemara joaten ziren, eta orain galdu egin da ohitura hori”. Helduen kasuan, “nahasketa handia” dagoen arren, 50-55 urtetik gorakoak dira fidelenak: “Badaude 70 bat lagun beti joaten direnak”. Film batetik bestera aldea egon ohi den arren, batez beste, 143 pertsona joan ohi da asteburuero zinemara –emanaldi guztien batura da hori; hau da, bizpahiru proiekziotan pilatzen den jende kopurua–.

Jaitsiera defizita eragiten

Kulturaz kooperatibak 2014an Soreasu antzokia kudeatzeko lehiaketa publikoa irabazi zuen, eta ordutik arduratzen da erakundea Azpeitiko zinema saioez. Azpikontratatutako enpresa moduan lan egiten dute Kulturazekoek Soreasun, eta baldintza batzuk bete behar dituzte: prezio jakin batzuk ezarri, film komertzialak bota…

Kontua da, beherakada hainbestekoa ari dela izaten, Kulturazen kultur proiektuari eragiten ari zaiola zinemaren beherakada. 15.000 euroko galera izan zuen iaz Kulturazek, zinemaren jaitsieraren ondorioz.

Irtenbiderik badago? Kulturazekoak askotan saiatu dira autokritika egiten, eta azkenean, ondorio batera iritsi dira: “Galdu egin da zinemara joateko ohitura”. Horren ondorioz, zinemak zerbitzu publiko bat izan behar duela uste dute, beste herri askotan bezala. “Izan ere, ez dugu nahi herriari zinema mugatzea, baina zinema bera bakarrik ez da finantzatzen gaur egun”.

Leku guztietan, arazo bera

Azpeitian gertatzen ari den gauza bera ari da gertatzen gainontzeko herrietan ere. Hala dio Cruz Mari Manzisidor Zumaiako zineforumeko arduradunak: “Zumaian eta leku denetan ari da ikusle kopurua jaisten». Haren arabera, ohitura aldaketa ari da gauzatzen gizartean. «Jendea ez da joaten zinemara lehen bezala. Jendea film jakin bat ikustera joaten da orain, eta lehen zinemara joaten ginen, zer film ikusiko genuen jakin gabe”, dio.

Haren esanetan, filmaren arabera, “batzuetan jende gehiago eta besteetan gutxiago” elkartzen den arren, orokorrean, jaitsiera antzeman dute azken urteotan. “Asko jaitsi da ikusle kopurua, batez ere, gazteen artean. Gazte batzuk joaten dira zinemara, baina gehienak, %80 edo, 50 urtetik gorakoak izaten dira. Gazteekin dago arazoa; gazteek plataforma digitaletan kontsumitzen dituzte filmak eta telesailak”. Adibide bat ere jarri du Manzisidorrek. “Behin, gazte bati entzun nion: ‘Nik ez dut ordainduko zazpi euro eta piku film bat ikusteko, neure etxean ikusiko dut deskargatuta’. Eta nik pentsatu nuen: ‘Txuleta on bat jan nahi duenak jatetxera joan eta 25 euro ordaintzen ditu. Etxean ere egin dezakezu txuleta bat zartaginean, baina ez da gauza bera’”. Haren arabera, ez da baloratzen zineman film bat ikustea egungo gizartean. “Film bat ikustera joaten zara, eta zure albokoa, agian, eskuko telefonoari begira dago”.

Hori bai, kontraesan bat nabaritu du Manzisidorrek: jendea Urbil gisako merkatal zentroetara joaten da zinemara. “Asteburuetan sekulako ilarak egoten dira”, dio. Haren iritziz, autopista nahiz krispetak kontuan izanda, garestiago ateratzen da plana: “Arratsalde batean 20 euro gasta ditzakezu. Aldiz, Zumaian 5,5 euroan ikus dezakezu film bat. Ez dakit Urbilera arratsalde pasa joatea den erakargarria edo modan dagoen, baina han ikusten dut jendea”.

Zumaian zineforuma leihatilan lortutako diruarekin eta udalak emandako laguntzarekin finantzatzen dute. Baina asteburuetako zinemaren kudeaketa “erdi pribatua” da, eta Manzisidor bat dator Aranbarrik esandakoarekin: “Nire ustez, zinemak zerbitzu publikoa izan behar du gaur egun”.