'Oporrak bertan', koronabirusari eskainitako koplak

Koronabirusaren inguruko kopla batzuk idatzi ditu Feli Uriak. Doinua Ala kinkirri da. 

Oporrak bertan (Ala kinkirri)

1.-
 Koronabirusaren kontuak
aztindu ditu goi ta behe
geroztikan herritar zintzoak
etxean sartuta gaude.     ALA KINKIRRI...
2.-
Itxialdiak zenbat denbora
iraungo dun ez dakigu
luzatuko den bi aste edo
zeinek daki, igual hiru.     ALA KINKIRRI...
3.-
Eskuak garbitzeko sarritan
agindu digute, aizu.
Nik esan gabe ere seguru
honezkero badakizu.       ALA KINKIRRI...
4.-
Eztula egiteko garaian
mesedez jarri arreta
sebillanak dantzatzen bezela
behar da besoa presta.   ALA KINKIRRI...
5.-
Eztula estali puzker batez
nahiz eta deitu puzkerti
Berrian aholkua eman zuen
Zaldi Eroak ederki.    ALA KINKIRRI...
6.-
Kalean ere ze komeriak
telebistan diotenez
herri guztitan jarrera bera
ona balitza ezer ez.     ALA KINKIRRI...
7.-
Eroskiko atean ilaran
jendea estu ta larri.
Ai jangoikoa, papera behintzat
falta ez dadin, ekarri.     ALA KINKIRRI...
8.-
Garbikariak ere erosi
gutxienez dozena bi,
hainbeste zertarako ditudan
galdetu aurrekoari.    ALA KINKIRRI...
9.-
Elkarri barre egin bai, baina
denok ere antzerako
lasaitasun pixkat arnastea
ez genuke kalterako.    ALA KINKIRRI...
10.-
Lasaitzeko etxea margotzen
hasteko degu aukera.
Non dago brotxa, a ze marroia
horretan hasi, bai zera.    ALA KINKIRRI...
11.-
Hobeto oporrak egin bertan
kanpina salan zabaldu
gorputza kremaz igurtzi eta
itxaropena ez galdu.    ALA KINKIRRI...