Ezohiko egoera sortu du herrian koronabirusaren krisialdiak

Baleike 2020ko mar. 14a, 16:05

Hustu egin dira kaleak; bete supermerkatuak. Agintarien neurriak iritsi aurretik zenbait taberna eta denda itxi dituzte, koronabirusaren zabalpena ekiditeko.

Koronabirusak sortutako krisialdia eragin nabarmena izaten ari da herrian. Larunbat eguzkitsu honetan, hustu egin dira kaleak; bete supermerkatuak. Pasealekuetan, aldiz, jendea ibili da joan-etorrian. 

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera deklaratu zuen atzo, eta Hego Euskal Herria alarma egoeran izango da gaurtik aurrera. Bihartik aurrera, museo, taberna eta aisialdirako gune guztiak itxiko dituztela ere iragarri dute gaur eguerdian. Agintariek neurri horiek iragarri aurretik, pertsianak jaitsi dituzte zenbait taberna eta dendek. Erabaki hori hartu duenetako bat izan da Josu Zalla. Haren hitzetan, Madrileko eta Gasteizko egoerak ikusita hartu zuen erabakia. "Hamar pertsona ditut lanean, eta alokairua ere ordaindu behar dut. Ixteko aginduaren zain geuden, ondoren gastu hori estaltzeko laguntzak eskatzeko aukera izango genukeelako", dio Zallak. "Geroz eta lehenago saihestu, orduan eta azkarrago aterako gara krisialditik". Zallaren arabera, osasunean jarri behar da arreta, eta ez ekonomian: "Gastu ekonomikoak pisu handia du, baina konponbidea izan dezake. Osasunak beharbada ez. Nik nire osasuna zaindu nahi dut, nire ingurukoek ere bai; bezeroak, zer esanik ez", dio. 

"Geroz eta lehenago saihestu, orduan eta azkarrago aterako gara krisialditik"

Erabaki bera hartu zuen ostegunean Maite Manzisidor Santa Klara landa-turismoko arduradunak ere. "Gu ondo gaude, baina gugana datozen bezeroak herrian ibili behar badute eta herrian kalte bat eragin badezakete, nahiago dugu diru sarrera hori galdu". Aste gutxian herritar guztiek prebentzio neurriak garaiz hartuz gero, osasun krisialdia amaituko dela uste du Manzisidorrek. Nekatur agroturismo elkarteko kidea da, eta joan den astetik aritu dira ixtearen aukeraz hizketan: "Brometan hasi zen kontuan, eta aste honetan ohartu gara neurri serioak hartu behar genituela". Neurria hartu aurretik, erreserba ia guztiak ezeztatu zituzten bezeroek. Hala eta guztiz ere, izan dituzte erreserba eskaerak: "Hori da ulertzen ez dudana. Koherenteak izan behar dugu, batez ere kontuan izanda osasun arazoak dituztenak ditugula inguruan". Hartutako erabakiaren ondorioz, ez du diru-sarrerarik izango egunotan. "Nahiago dugu lehenbailehen moztu, eta ez urtebetean horrela ibili", dio Manzisidorrek.

Neurriak supermerkatuetan
Janari faltarik ez badago ere, sekulako jendetza dabil supermerkatuetan erosi eta erosi. Koronabirusari aurre egiteko neurrietako bat jende pilaketak saihestea da, eta zenbait neurri hartu behar izan dituzte saltoki handietan ere. 

Alai auzategiko Eroski supermerkatuan, esaterako, 75 pertsonako aforora mugatu dute, eta eskularruak banatu dizkiete bezero guztiei. Batez ere, garbitasunarekin lotutako produktuen apalak hustu dituzte herritarrek. Halako jende-samaldekin kutsatzeko foku bat sortzeko arriskua dago. Beraz, tentuz jokatzea komeni da, halakorik ez sustatzea, eta emandako neurriei kasu egitea, oso zorrotzak badira ere.