Euskara eta gazteak hizpide 'Euskara, bestela ez gara' zikloko azken solasaldian

Maria Maya Manterola 2020ko mar. 13a, 09:07

Hizkuntz ideologia, praktika eta bizipenak izan dituzte aztergai, besteak beste, Hernandezek eta Ozaitak. Herenegun aurkeztu zuten ikerketaren emaitza, Alondegiko Oxford aretoan. 

Jone Miren Hernandezen eta Josu Ozaitaren hitzaldiarekin itxi dute Euskara, bestela ez gara zikloa. Hain zuzen ere, herenegun izan zen Zumaiako gazteak euskararen eszenatokian. Irudiak, diskurtsoak eta bizipenak solasaldia, Alondegiko Oxford aretoan. 

Maider Alberdi zinegotziak hitzaldiaren aurkezpenean emandako datuen arabera, 2016ko kale neurketan euskararen erabilera "espero baino altuagoa" dela jakin zuten, %80koa, zehazki. Alberdiren arabera, "berri pozgarria" da, eta datu ezkorretan fokoa jarri ordez, zaindu behar den horretan arreta jartzea garrantzizkoa da. 

Soziolinguistika klusterrak bultzatutako ikerketa baten partea da Hernandezek eta Ozaitak asteazkenean aurkeztu zutena. Ikerketak Zumaian izan dituen emaitzak aurkeztu bazituzten ere, Pasai Donibane, Zornotza eta Gernika ere aztertu dituzte. Hitzaldia "hankamotz" geratzeaz aritu zen Hernandez, haren hitzetan, "aberatsa" baita lau herrietako datuen kontrastea. 

Gazteen egunerokora hurbilpen bat
Gazteen euskararen erabilera ezagutzeko, praktika horretan eragina duten faktoreak izan zituen hizketagai Hernandezek lehendabizi. Hain zuzen ere, Hernandezen arabera, hortik abiatuta gazteek euskararen inguruan garatzen dituzten praktikak, bizipenak eta sentimenduak aztertu ahal izan dituzte. Hala, gazteen errealitatera eta egunerokotasunera gerturatzea izan da lehen pausoa: Zumaia ongizatea proiektatzen duen herria denaren inpresioa jaso dute gazteengandik. Horrez gain, kirol eta kultur eskaintza zabala duela ere jaso dute; gazteen arabera, "denetik daukan herria" da. Bestetik, naturarekin harremanetan dagoen herria dela ere ondorioztatu dute. 

Nolanahi ere, turismoaren gorakadaren ondorioz, bizimodua garestitzen ari dela ere aipatu dute gazteek. Hauen arabera, jaietan parte hartze handia izan arren, sormena baino, kontsumoa da nagusi. Bestetik, gizarte mugimenduen gainbehera eta etorri berriak herrian ikusezin direla jaso dute.

Zumaia eta euskara 
Behin herria gazte horien begitatik ezagututa, Zumaiaren eta euskararen arteko harremana aztertu zuten. Euskara "gizarte egitatea" da herrian, Hernandezek aipatu zuenaren arabera. Haren hitzetan, gizartea zeharkatzen du euskarak. Kalean presentzia handia du, eta "naturala" da, gazteengandik jaso dutenez. "Etengabe" errepikatu da gazteen artean euskara "naturala" denaren ideia, eta zer pentsatua eman die horrek ikertzaileei. Era berean, eskolak naturalizatze horretan izan duen papera aitortzen dute gazte horiek.

"Etengabe" errepikatu da gazteen artean euskara "naturala" denaren ideia, eta zer pentsatua eman die horrek ikertzaileei.

Helduen artean, ordea, hutsuneak nabaritu dituzte euskararen erabileran. Frankismoaren eraginez galdu edo erabiltzeari utzi diote horietako batzuk, ohitura galduz. Hala eta guztiz ere, datozen belaunaldiek gaztelania gehiago erabiltzen dutenaren inpresioa dago. Aurrez aipaturiko naturalizazio horrek homogenizazioa dakar: "Zumaian denak euskaldunak zaretela diote gazteek". Euskaraldiaren eragina aitortu arren, euskararen inguruan gizarte mugimendua "apala" dela azaldu zuen Hernandezek. 

Euskara nagusi gazteen unibertsoan
Guztira, mundu zabaleko erreferenteak dituzten 900 gazte bizi dira Zumaian. Tribu urbano ezberdinetan banatzen dira gazte horiek; pijoak, surferoak, skinhead-ak, borrokillak, txoniak eta kaniak aipatu zituzten ikerketan. Gizarte mugimenduei dagokienez, antolatutako mugimendu gutxi egon arren, Ernai, Iparra eta gaztetxea izan dituzte hizpide gazteek. Euskalgintzan, ordea, salbuespenak salbuespen, gazte gutxi aritzen omen da. Nerabeak parkeetan elkartzen direla ondorioztatu dute; gazteak, aldiz, tabernetan. Oro har, Ozaitaren arabera, euskarak garrantzi handia du Zumaiako gazteen unibertsoan. Gaztelania, berriz, "talde oso jakinekin" lotzen dute gazteek. 

Hizkuntz ideologian jarri zuten arreta ondoren: euskararen inguruan zumaiarrek dituzten sinesmenak eta ideiak, hain zuzen ere. Euskararen naturalizazioarekin lotuta, paisaia guztia euskarazkoa dela nabarmendu zuen Ozaitak. Haren hitzetan, Zumaian euskarak balioa duela sentitzen da kanpotik, eta eragiteko plan baten ondorio izan daiteke hori.

Zumaiako gazte baten aipua ekarri zuen Ozaitak naturalizazioarena hobeto azaltzeko: "Esaten genun, gu hemen jaio gea ta euskara etorri in zaigu, hori egia da, ta gero bakoitzak in du euskaragatik edo euskarantzat berak ikusi duna, baino egia da jaso deula inkoszientemente. (...). Nola hain barnerauta dakaun euskara, ba naturalizauta bezala, Gero, egia da, uste deula euskara dakiula ikasi deulako, baina egia da jaso deula nahi gabe". 

Ozaitaren arabera, naturalizazio horrek badu alde ilun bat: "Familiatik jaso dute euskara, beren hizkuntza, eta ez dute hizkuntzen arteko botere harremana sentitzen. Ez dira ahaldunduta sentitzen, eta ondorioz, indefentsio egoeran sentitzen dira". Euskararen inguruko kontzientziaziorik ez dutela iruditzen zaio Ozaitari, historia ezagutzen ez dutelako. Zapalkuntza momentuaz ez jabetzea dakar horrek, ikertzailearen arabera. 

Euskararen inguruko kontzientziaziorik ez dutela iruditzen zaio Ozaitari, historia ezagutzen ez dutelako. Zapalkuntza momentuaz ez jabetzea dakar horrek, ikertzailearen arabera. 

Ondorioztatukoaren arabera, euskalgintza "adinekoen kontua" dela uste dute gazteek. Ekimenek erakartzen ez dietela esan zuen Ozaitak: "Euskararen Egunari buruz, adibidez, errepikakorrak direla diote gazteek. Trikitixarekin, saldarekin eta txorizoarekin lotzen dituzte euskalgintzarekin lotutako ekimenak". Horrek euskararen inguruko iruditeri jakin bat elikatzea dakar, ikertzaileak azaldu zuenaren arabera. Ondorioz, euskara ez dute abangoardistatzat jotzen. 

Hitanoa ere aztertu dute Zumaian: mutilen artean toka ohikoa den arren, noka "amonen kontua" dela eta desagertzear dela iruditzen zaie gazteei. Emakumeek "penaz" bizi dute egoera hori, "zerbait berezia" iruditzen baitzaie noka, eta ikasiko luketela ere aipatu izan diete ikertzaileei. 

Euskarak praktika bezala lotura handia du familiarekin, Ozaitak esandakoaren arabera. Familia biologikoaz gain, ordea, bestelako familien eragina ere garrantzizkotzat jo zuen: "Haurtzaro garaian badu bere eragina familia biologikoak; gerora, beste familia batzuk: kirolaren bueltan sortzen direnak, tribuak, koadrila... Harremanak sortzen dira familia horien barruan, eta eragin handia dute hizkuntzen praktiketan". 

Bestetik, gaztelania eta transgresioaren arteko lotura nabarmendu zuen Ozaitak: "Euskara arauekin eta obligazioarekin lotzen dute, eta gaztelania erabiltzen dute horrekin apurtzeko". Zumaian zortzi urte inguruko haurrengan somatu dute joera hori, nahiz eta haur horiek "ondoren berriz ere euskara itzultzen diren". 

Euskara eta bizipenak
Ideologiaz eta praktikez gain, bizipenak izan dituzte aztergai. Metodologikoki modu berezian egin dute ikerketa hori: herri bakoitzeko bi gazteei egunerokoa egiteko eskatu diete astebetez, gidoi sinple bati jarraiki, audio bidez.

Euskara norberaren parte dela jabetu dira ikertzaileak. Era horretan, eroso sentitzen dira Zumaiako gazteak euskaraz aritzen direnean. Identitatearekin lotu ez arren, norbera den horren parte da euskara, Ozaitaren arabera. Bestetik, harremanetarako giltza omen da euskara: "Hamabi urterekin Zumaiara etorri zen gazte baten kasuan argi ikusi genuen hori. Euskaraz ikasi zuenean eraiki zituen harremanak". Euskaraz ikasi dutenentzat, ordea, "zama" omen da: "Ezagutzen ez duten jendearekin errazago aritzen dira euskaraz. Lagunekin eta ezagunekin, berriz, esaldi motzak erabiltzen dituzte, edo hitz egiten hasi eta ez dute amaitzen". 

Harremanetarako giltza omen da euskara: "Hamabi urterekin Zumaiara etorri zen gazte baten kasuan argi ikusi genuen hori. Euskaraz ikasi zuenean eraiki zituen harremanak".

Erabilera altua, oinarri ahula
Hitzaldia borobiltzeko, ikerketaren emaitzak aurkeztu zituzten labur-labur Hernandezek eta Ozaitak. Naturalizazioak gizarte mailan egin den lana estaltzen duela ondorioztatu dute. Era horretan, euskara homogeneizatzeak zenbait bereizketa ere estalita utzi dituela uste dute, horien artean, jatorria, adina eta generoa. 

Horrez gain, ikertzaileen arabera, "gizartearen aldaketa azkarrak" direla eta, agerian geratu dira euskararen hutsuneak. Gaztelera "kutsakorra" da, eta euskararen erabilera gazteengan zabalduta egon arren, "oinarri ahula" du. Oro har, euskararen erabilera sendotzeko egiturarik ez dagoela gaineratu zuten: "Norbanakoaren bataila bihurtzen da euskararen erabilera. Hala ere, Zumaian badaude baliabide batzuk euskaraz egiteko, kirolean, esaterako".