Orduan bai

Arantxa Aizpurua Zinkunegi, urrutitik ere beti Zumaiari begira

Imanol Azkue Ibarbia 2020ko mar. 15a, 16:00

Felixek idatzi zidan, emakume batek deitu zuela Baleikera. “Orduan bai” honen irakurlea zela eta bazeukala istorio polit bat atal honetarako modukoa, Baso-mutilak liburukoa, kolera gaitzarekin gaixotu, ustez hil eta “berpiztu” zen Manuel Arriorena. “Irakurle bat, behintzat, badaukat…”, pentsatu nuen; ezagututakoan, ordea, segituan konturatu nintzen Arrioren istorioa baino interesgarriagoa zela emakume haren bizitza, eta desio bat ere izan nuen: nahiko nituzkeela 87 urterekin horrelako indarra, bizitasuna eta memoria ona.

Zumaiar askok ez dute ezagutuko, Zumaiatik kanpo bizi izan delako txikitatik, baina urrutitik ere beti Zumaiara begira egon da Arantxa, eta distantziak ez dizkio lausotu ez Zumaiako kontuak, ezta Zumaiako hizkera ere. Haurtzaroa omen da memoriaren “kutxa beltza”, lehen oroimena eta galtzen den azkena, eta Arantxak bizi-bizi dauzka txikitako kontuak.

Zumarragan jaio zen, 1933an. Aita Orbegozorenean zebilen lanean, Zarautzen, baina Zumarragan hasi behar zuela eta, familia osoa hara joan zen Zumaiatik. Baina bi urteren ondoren, bueltatu egin ziren; jaiolekua zela eta, anaiek adarra jotzen zioten: esaten zioten Santa Luzia egunean ijitoek eramandakoa zela Zumarragara, eta amak, orduan, esaten zien ezetz, Arantzazura joan zirenean amabirjinak emandako aingeru bat zela… “Bilbotarrek esaten dute edozein tokitan jaiotzen direla, ezta? Ba, nik berdin: ni zumaiarra naiz, Zumarragan jaio arren”, dio barrez.

Zumarragatik etorrita, aizpurua-zinkunegitarrak (gurasoak eta zortzi anai-arreba), Telesforoneko etxean jarri ziren bizitzen, Goiko plazan, eta gogoan dauka nola txikitan jolasean ibiltzen ziren kaldestarrekin, Cuendenekoekin… Hiru urte besterik ez zeuzkala, 1936ko Gerra lehertu eta bizimodua pitzatu zitzaien: amaren aldetik karlista porrokatuak ziren; aita, berriz, nazionalista amorratua… Tropak herrian sartu baino lehen, aitak alde egin zuen, eta gero anaia zaharrenak ere bai, itsasoz, 15 urte besterik ez bazeuzkan ere. 1937ko otsailean herritik kanporatuak izateko arriskuan egon ziren, baina azkenean geratzea lortu zuten, etxetik edo “herrira” ez irteteko baldintzarekin. Beste “galtzaile” asko bezala, kutsatuta baleude bezala tratatzen zituzten. Herriko eskolan ikasi zuen, Alondegian, baina ez dauka oroitzapen onik: “Ikasi? Ikasi nuen alde egiten eskolatik! Nahiago amaren errietak entzun eskolan egon baino!”; Maritxu ahizpa, berriz, bidali egin zuten kolegiotik, aita kanpoan zegoelako. Oso garai gogorrak izan ziren, sufrimendu handikoak; anaia zaharrena Gerran galdu zen.

Aizpurua-zinkunegitarrak, 1939an. Ezkerretik eskuinera:  aita Manuel, Inaxio, Arantxa, Juanito, Manueltxo eta ama Isidora.

Zinkunegitarrek (Xakunekoek) harreman berezia zeukaten Itzurun hondartzarekin, hango bainurako kasetak-eta familiarenak zirelako. “Pentsa: uste genuen plaia gurea zela!”, dio algaraz. Ederki ikasi zuen Arantxak itsasoak behera eta batez ere gora egiten duela: behin, oinetakoak erantzita, entretenituta ibili zen Santelmoaldeko zuloetan eta putzuetan, eta konturatu zenerako, gero oinetakoak falta! Etxera oinutsik joan behar...

Gerran alde egin zuenetik aita Bilbon bizi zenez, 6 urterekin hara joan ziren denak bizitzera, eta tarteka etortzen ziren Zumaiara, batez ere udan. Bilbon hogei urte pasata, aitaren lanaren atzetik, Pasaia aldera joan ziren bizitzera gurasoak eta Arantxa, Herrerara; ordurako, beste anaiak euren bizimodua egiten hasiak ziren, eta Herreran bizi izan ziren hurrengo 30 urteetan, baina betiere Zumaiarekin lotura mantenduta. Denda bat jarri zuen Arantxak, eta gaueskoletan ere ibili zen euskara erakusten langileei, emakumeei..., Oñatibiaren metodoarekin, 1978ra arte. Nola gerturatu zen irakasle lanetara? Donostian frantsesa ikasten hasi zenean, jakin zuen Maria Dolores Agirre euskara irakasten ari zela eta harengana joan zen; gero jakin zuen euskara-klaseak ematen zituela Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik Diputazioan, eta han joan ziren Malen Rica laguna eta biak, 1959an, ikastera. “Han ezagutu nuen Luis [Koldo] Mitxelena. Alboko gelan egoten zen, eta eztabaida sortzen zenean, deitu egiten zion Txillardegik, argitzeko”. Oso gogoan dauzka klase haietara joaten ziren batzuk: Nemesio Etxaniz, Laborde, Zumalabe, Iñaki Irigarai, Iñaki Beobide zumaiarra… Orduko apunteak ere gordeta dauzka.

Ikaskide haietako bat, Nemesio Etxaniz apaiza, ikastoletara joaten zen, ipuinak kontatzera, abestera…, eta irratietarako (Arrate, Segura…) euskarazko grabazioak behar zituenez eta Arantxak ahots ona zeukanez, grabazioetan hasi zen Arantxa lanean. Euskara barru-barruan bizi izan du beti, eta aitaren txikitako pasadizo batekin akordatu da: “Kalean euskaraz hitz egitea debekatuta zegoenean, anai-arrebok etxean erdaraz egiten hasi ginen, eta aitak gogor egin zigun: ‘Kalean Francok aginduko du, baina hemen nik; kalean txinoa ere bai, nahi baduzue, baina hemen euskaraz’”. Bilbon “los aldeanos” deitzen omen zieten, zergatik eta euskaraz hitz egiten zutelako.

Donostiatik, Bilbora joan zen bizitzera, lagun batekin, baina Bilboko bizimodua ez zitzaion gustatzen. Beste zerbait nahi zuen, eta inguruetan baserri baten bila aritu ziren; azkenean, Aiaraldean (Araban) sortu zitzaien aukera, Zuatzan: “Baserria berritu genuen, bizitzen jarri ere bai, baina harreman hark ez zuen ondo irten, eta saldu egin behar izan genuen”, dio. Saldu nahian zebilenean, Menagarai herriko Mendieta auzoko apaizetxean bizitzeko aukera sortu zitzaion, eta han bizi da duela 16 urtetik. Adinean aurrera ere, ikasten jarraitu zuen unibertsitatean (“Esperientzia Gelak” deiturikoan), baita euskara erakusten ere inguruetan: Menagarain, Arespalditzan...

1933koen kinto bazkarian, 1994an. Arantxa: bigarren lerroan, ezkerretik hasita hirugarrena.

Zumaiari begiratuta, ikusten du izugarri aldatu dela. “Berriegia… Lehengo kutsu hura…, ez dauka”, dio, herrimin puntu batekin. “Akordatzen naiz Bonbillo-eta…, ezagutu ditut erriberak, orain etxez josita daudenak, baratzeak… Moilaberriko parkea oso polita dago… Moila ere nahikoa ondo… Eta gutxi gustatzen zait San Telmoko… [isilaldia] Gehiegia… Galdu egin du”.

Zumaiako berri badauka Baleike aldizkariaren eta baleike.eus-en bidez, eta nongoa den galdetutakoan, beti erantzuten du zumaiarra dela. “Nongoa esango dut, ba? Zer daukat nik Zumarragan?”, dio.

Badaki azken tokia Zumaian daukala gordeta, Andremarialdean, aitaren ondoan. Baina ikusiko ahal dugu Zumaiako kalean, lehenago, orain bezain hiztun eta sasoiko!

Baso-mutillak

 

Baleikera deitu zuenean, Arantxak pasadizo hau azaldu nahi zidan, atal honetan jasotzeko interesgarria izan zitekeelakoan:

“Nik ezagutu nuan gizon bat Zumaia’ko errian; Manuel Arrio esaten zioten izena. Ura, kolera-denbora artan, eraman omen zuten kanposantura, ilda zegoala pentsatuta, txikia zala.

Baiña ez egon ilda. Enterradorea konturatu eta eraman etxera, ta bizirik atera. Baiña kalteak larga zizkion gaitz arek; burua balantxaka ibiltzen zuan. Gizon ona zan da Jaunak zeruan eduki dezala”

ARRIZABALO, Jose Manuel eta ZAVALA, Antonio: BASO-MUTILLAK, Auspoa, Tolosa, 1979, 23. orrialdea.