Martxoak 8 - 2020

Beste behin jendetza atera da kalera emakumeen eskubideen alde

Gorka Peñagarikano 2020ko mar. 8a, 15:55

Antolatu, indarrak batu borroka feministara lelo hartuta, ehunka herritarrek egin du bat gaur eguerdian Emakumeon* etxeak, Mugimendu Feminisitak, Berdintasun Foroak, Malen Etxeak eta Udalak antolatutako manifestazioarekin.

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta horregatik, bart gauerditik hainbat ekitaldi ari dira egiten herrian Emakumeon* etxeak, Mugimendu Feministak, Berdintasun Foroak, Malen Etxeak eta Udalak elkarrekin antolatutako egitarauaren barruan.

Gaurko ekitaldi nagusia eguerdiko manifestazioa izan da. Ehunka herritar elkartu ditu Antolatu, indarrak batu borroka feministara lelopean, eta aldarri nagusi horren atzean, beste hainbat pankarta eta lelo prestatu dituzte eragileek gaurko. Agerian gelditu da pentsiodunen protesta, baita adineko egoitzetako langileena ere; gogorarazi dute 237 egun daramatzatela greban beren eskubideen alde. Horiekin batera, kartelak eskuetan zituztela atera dira adinekoen etxeetan bizi diren hainbat langile, aldarrikatuz eskubidea dutela logela propioa izateko edo deskantsatzeko, besteak beste.

Aipatutakoez gain, arrazismoaren aurkako kartelak nahiz LGTBIQ+ kolektiboaren banderak ere ikus zitezkeen manifestazioan. Protesta koloretsua eta anitza izan da.

Nahi duenak herri bazkarian parte hartzeko aukera izan du gero, eta horrekin amaitu da gaurko eguneko egitaraua, bazkaloste girotuarekin. Izan ere, arratsaldean, Donostian manifestazioa egingo da, eta hara joatera deitu dute antolatzaileek. Hiriburuko protesta 18:00etan hasiko da.