Maite Aizpurua: “Bizitzak beti itzultzen gaitu gorputzera"

Miren Garate/Gipuzkoako Hitza 2020ko mar. 6a, 11:20

Gradu amaierako lan moduan, ikerketa performatibo bat egiteko eskatu zioten Maite Aizpuruari (Zumaia, 1990). Korrika egiteko makina bat aukeratu zuen, eta erabaki zuen makina horrekin zuen harreman pertsonala kontatu nahi zuela. Izan ere, konturatu zen korrikarako makina bat aukeratu zuela elementu performatibotzat, korrika egitea debekatua izan arren.

Abiapuntu hori du Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlanak. Korrikarako makina, mediku txostenak, zapatilak eta Aizpurua bera ageri dira oholtzan, elkarrekin joko bat eginez. Autobiografiatik asko duen lan bat da, eta jaioterrian bertan antzeztuko du gaur. 22:00etan izango da emanaldia, Aita Marin.

Nondik nora etorri da antzezlan hau?

Antzezlanak prozesu luze bat izan du. Dantzertin [Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako eskola] hasi zen. Ikasketa amaierako lan moduan, ikerketa performatibo bat egin behar nuen, eta abiaduraren eta gelditzearen inguruko ikerketa bat egiten hasi nintzen. Orduan aukeratu nuen korrikarako makina elementu performatibotzat. Korrikarako makinak eta biok elkar ezagutu eta gero, bigarren fase batean, gehiago sakondu nuen makina horrekin nuen harreman pertsonalean.

Nolatan aukeratu zenuen, bada, korrikarako makina bat elementu performatibotzat?

Konturatu nintzen korrikarako makina bat aukeratu nuela sorkuntzarako, baina nik korrika egitea debekatua nuela, herrena naizelako. Orduan, beste norabide bati heldu nion sorkuntzan. Makina horrek ordezkatzen duenaren inguruko kritika sozial bat ere egiten dut, baina batik bat zein zen nire harreman pertsonala makina horrekin kontatu nahi nuen, barrutik, eta beste gai batzuetan sakontzen hasi nintzen.

Elkarrizketa osorik hemen ikus daiteke.