Argi txiki batzuk iluntasunari

Maria Maya Manterola 2020ko mar. 5a, 13:23
Alondegiko Oxford aretoa lepo bete zen ‘Euskara, bestela ez gara’ zikloaren barruan Azkuek eskainitako hitzaldian. (Maria Maya Manterola)

Berrehun urtean euskarak izan dituen gorabeherak aztertzen aritu da Azkue. Asteazkenean aurkeztu zituen emaitzak, ‘Euskara, bestela ez gara’ zikloaren barruan antolatutako hitzaldian. 

Berrehun urtean euskarak izan dituen gorabeherak aztertzen aritu da Imanol Azkue zumaiarra urte eta erdiz, Zumaiako Udalak emandako beka bati esker. Euskararen historia soziala izan da Azkueren aztergai nagusia, hau da, hizkuntzaren erabilera, jarrerak, usteak, jokaerak, sentipenak, bizipenak... ikertu ditu. Bekaren helburua historia sozial horren informazioa bildu, ordenatu eta dibulgaziorako prestatzea bazen ere, beste helburu batzuk erantsi dizkio Azkuek: euskara Zumaiaren bizkarrezur izan dadin argumentuak ematea, eta ekarpenak egitea euskararen historia sozial orokorrari. 

Azkuek azterketaren emaitzak plazaratzeko aukera izan zuen atzo, Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan antolatutako solasaldian. Zumaia 1766-1966: historia pixka bat, istorio batzuk izenburupean, urte eta erdiko lana ordu eta erdira ekarri eta aurkeztu zien zumaiarrei. 

"Gu eta leize zuloetan bizi zirenen artean 80 amona besterik ez daude". Hala omen zioen Oteizak. Azkuek dioenez, amonaz edo amonaren amonaz ere ezer gutxi dakigu. Iluntasun horri "argi txiki batzuk eman" zizkion azterlanaren aurkezpenean. Lana garatu ahal izateko egindako galderak hartu zituen Azkuek abiapuntutzat: Zumaia herri euskalduna izan da? Zenbateraino? Zerk bultzatzen zuen euskaraz egitea? Zenbateko presentzia zuen euskarak? Eta gaztelaniak? Zer motibaziok eragiten zien? Zer zailtasun zeuden? 

Etengabeko lehian
Ikerketari ekin aurretik, baieztapen batzuk egin zituen Azkuek: Zumaian euskaraz egiten zen erabat duela ehun urte arte, eta gaztelaniaz gutxi batzuk baino ez zuten egiten. Gaztelania indartsu eta propio sartu zuten. Dokumentazioan gaztelania da nagusi; euskara, aldiz, ezkutuan ageri da. Hala eta guztiz ere, batzuek bazuten euskararen kontzientzia, eta euskararen alde egin zuten. Euskararen komunitateak eutsi dio euskarari Zumaian, batzuetan erakundeek lagunduta. Beraz, Azkueren arabera, euskarak etengabeko lehia izan du gaztelaniarekin, eta galera nagusitu da, duela gutxira arte.

Azkueren arabera, euskarak etengabeko lehia izan du gaztelaniarekin, eta galera nagusitu da, duela gutxira arte.

Baina, orduko iturrien adibideei heldu aurretik, nolakoa zen 1800 inguruko Zumaia? Mila lagun inguru bizi ziren: 464 Zumaian, 278 Aizarnazabalen, 228 Oikian eta 86 Artadin. Udaletxea zuen eta 50 fusil zituen, ondo zainduak. Hiru ostatu, plaza bat, lau parrokia, lonja, hiltegia, kartzela eta bost taberna zituen orduko Zumaiak. Batez ere soroan egiten zuten lan zumaiarrek, baina baziren merkataritzan eta arrantzan aritzen zirenak ere.  Aurrez aipatutako baieztapen horiek berresteko, adibide ugari aurkeztu zituen, gehienak akta liburuak eta epaiketak. Euskara gehienetan ezkutuan dago, eta zeharkako aipamenetan izan dezakegu euskararen berri. Hala eta guztiz ere, Azkuek argitu nahi izan zuen zumaiarrek ez zutela dokumenturik idatzi: handixkiak ziren gehienak, politikariak, ondasunak zituztenak edota gizonezkoak ziren dokumentuen egileak. 

Dokumentazioan, ezkutuan
1779ko publikata –zerbaiten berri emateko, apaizek elizkizunetan egiten zituzten jakinarazpenak, esaterako, auzolanerako deiak, diru bilketak, etxe salmentak...– bat ekarri zuen Azkuek. Publikata horietan apaizak zein hizkuntzatan egingo zuen argitzen zuen. Ekarritako adibidean, hala jasotzen zuen dokumentuak: "Haber dado a entender (...) todo en la lengua Bascongada, para que nadie alegue ignorancia". 

Joan den urtean Zumaiako, Zestoako, Aizarnazabalgo eta Getariako alkateek gutuna igorri zioten Osakidetzari, mediku euskalduna jar zezala eskatuz, "erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko". Lau herri horietako osasun etxeetan aritzeko kontratatu zuten profesionala. Herritarren kezka ere eragin zuen, eta osasun zentroan protestak egin zituzten. 

Dirudienez, duela 160 urte baino gehiago ere eztabaida eragin zuen Zumaian hizkuntza eskakizunak mediku berriaren kontratazioan.

Dirudienez, duela 160 urte baino gehiago ere eztabaida eragin zuen Zumaian hizkuntza eskakizunak mediku berriaren kontratazioan. 1856an kolerak gogor jo zuen herria. Udalak neurri zorrotzak hartu arren –arraiaren salmenta debekatzea, tomate landareak errotik ateratzea eta olagarro lehorrak erretzea, besteak beste– 122 lagun hil ziren, horien artean, Zacarias Goya zirujaua. 

Udalak mediku plaza atera zuen, eta Eusebio Gurrutxaga orduko alkateak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarri zuen, kontrataziorako ezaugarriak zehaztuz: "Los procesores deberan poseer el idioma vasco". Hiru hautagai aurkeztu ziren, eta Pedrazaren eta Ibasetaren artean berdinketa izan zen zinegotzien bozketan. Hurrengo plenora bi hautagaien unibertsitateetako txostenak eraman zituzten, baina berdinketa izan zen berriz ere. Herriko handixkiekin elkartu ziren orduan, bilera batean. Alkateak garbi egin zuen Pedrazaren alde, haren arabera, kontuan hartzekoa baitzen hautagaien eskarmentua. Sebastian Gartxotenea oikiarra argi mintzatu zen bileran, eta esan zuen Ibasetaren alde egin behar zela, euskaraz zekielako. Oikiarrek medikua ordainduko ez zutela ere gehitu zuen, euskalduna ez bazen. 

Gerraondoko zenbait adibide ere izan zituen hizketagai Azkuek, horien artean, Julio Beobideren laneko mahai bat. "Ezkutuan egiten dena sinbolizatzen" du adibide horrek, Azkuere hitzetan. Hain zuzen ere, mahai horren hanka batean, ezkutuan, euskarazko esaldi bat idatzirik utzi baitzuen Beobidek. Abelin Linazisorok Baleikeko Gure Zumai zarra atalean Bixente Esteibar Ixkiña-ri egindako elkarrizketa ere aipatu zuen: garai hartan euskararen alde egiteak Euskal Herriaren eta faxisten kontra egitera eraman omen zituzten euskaldunak. 

Garaiei begirada orokorra
Azkuek berrehun urte horietako argazki orokor batekin amaitu zuen solasaldia. Haren hitzetan, hiru garai bereiz daitezke: matxinadatik errestauraziorakoa da lehena, 1768tik 1876ra bitartekoa. Garai hartako euskararen arrastoen bila aritu da Azkue dokumentazioan. Euskara zen nagusi urte horietan, eta gaztelaniaz zumaiar gutxik egiten zuten. Erdara funtzio jakin batzuetarako soilik erabiltzen zuten. 

Errestauraziotik altxamendu militarrera bitartean, 1876 eta 1936 artean, "estatuaren makinaria gaztelaniari lehentasuna emateko ahaleginean" aritu zela uste du. Gerra galtzetik abiatuta, euskara bera ere galtzeko arriskua eta beldurra zen nagusi. Horregatik, euskara indartu eta pizteko ahalegin kontzientea egin zuten zenbait euskaldunek. Zumaia herri euskalduna izan arren, gehienek zekiten gaztelaniaz. Administrazioaren aldetik erabaki batzuk euskarari lekua egin nahian hartu ziren, baina Azkueren hitzetan, "itxurakeriaz" hartu ziren sarritan: "Ez ziren euskararen alde hartutako neurri praktikoak". 

Gerratik ikastolen sorrerara bitartean, 30 urte eskasean, "ezkututik kalera" egiteko garaia  izan da. Azkueren arabera, gerraren emaitzak markatu zituen hurrengo urteak. Euskara eta euskaldunak baztertuta zeuden, eta nahikoa lan zuten euskarari eusten. Gaztelaniaz denek ikasi zuten nahitaez, eta batzuk etxean euskara transmititzeari ere utzi zioten. Gazte batzuk zerbait egin beharra sentitu zuten egoera horren aurrean, eta behar horretatik abiatuta sortu ziren ikastolak, haurrak euskaraz hezteko eta hazteko.