Zumaiako bi bertsolarik hartuko dute parte Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan

Baleike 2020ko mar. 5a, 11:43

Bat-bateko lehiak hiru kanporaketa eta finala izango ditu, eta guztira hamasei bertsolarik parte hartuko dute. Horien artean dira Joar Garate eta Irati Arakistain zumaiarrak: bigarren kanporaketan izango dira, bihar, Ikaztegietan.

Zumaiako bi bertsolarik hartuko dute parte joan den ostiralean hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Bigarren kanporaketan abestuko dute bi zumaiarrek: Ikaztegietan bihar jokatuko den saioan izango dira Joar Garate eta Irati Arakistain bertsolariak. 

Garaterekin eta Arakistainekin batera, Xabier Albizu, Ane Zubia eta Hodei Munduate ariko dira kantuan. Saroi Jauregik egingo ditu gai-jartzaile lanak. Aste honetako saioa pasatuta, azkena soilik faltako da. Hirugarren kanporaketa hori Ereñozuko Ur-Mia elkartean izango da martxoaren 13an. Amets Aizpurua, Aner Peritz, Jon Mendiluze, Nerea Isusi, Olatz Zuazubiskar eta Uxue Ostolaza ariko dira lehian.

Bat-bateko lehiak hiru kanporaketa eta finala izango ditu, eta guztira hamasei bertsolarik parte hartuko dute. Lehen kanporaketan, joan zen ostiralean Oñatin jokatutakoan, Maider Garmendia izan zen nagusi. Hiru kanporaketetako irabazleak nahiz puntuazio altuena duten beste hiru bertsolari sailkatuko dira finalera; saio hori Lasturko tabernan izango da apirilaren 3an. Saio guztiak afalostean izango dira eta afaltzeko txartela eskuratu nahi duenak Bertsosarrerak.eus webgunean du horretarako aukera. Sarrerak saioaren aurreko ostegun eguerdira arte izango dira eskuragarri.

Idatzizko txapelketa
Idatzizko txapelketarako saioak ere jarri dituzte dagoeneko Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak. Hain zuzen ere, goizez egingo dituzte zortzi saio martxoaren 10etik 27ra bitartean. Hitzordu horietan gaia emanda bertsoak sortzeko aukera izango dute gaztetxoek, eta ondoren, bertso saio didaktiko batez gozatzeko aukera izango dute.