Gazteek ‘Salto!’ egingo dute euskararen inguruan ahalduntzeko

Baleike 2020ko mar. 5a, 08:21

Udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako topaketa antolatu du Uemak. 50 laguneko taldea ekainaren 29an abiatuko da Zumaiatik.

Uemak antolatuta, udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako topaketak egingo dituzte ekainaren amaiera eta uztailaren hasierara bitartean, Zumaia eta Lekeitio artean. Ekimen horren helburua da “udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo” bihurtzea. Ekimena Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzaren laguntzarekin antolatu dute, eta izen ematea zabalik dago dagoeneko.

Salto! izeneko topaketak ekainaren 29an abiatuko dira Zumaiatik, eta uztailaren 5ean amaituko dira Lekeition. Jardunaldien abiapuntu izango den herria aukeratu zuten atzo antolatzaileek haren berri emateko. Prentsa agerraldian honako lagunek hartu zuten parte: Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, Maddi Aldalur Zumaiako Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Ainize Alzibar Lekeitioko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Eneritz Basurko Ondarroako alkateorde eta Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Arantza Egaña Itziarko auzo alkateko kideak, eta Aritz Larrañaga Debako Euskara zinegotziak.

Uemaren ildo nagusienetakoa herritarren kontzientziazioan eta sentsibilizazioan lan egitea izan da azken urteetan, ohartuta udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla. Lan horretan, Lazkanok nabarmendu zuenez, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu du erakundeak, “behar hori estaltzeko”. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain. Bestalde, gazteak euskararen inguruan ahalduntzeak duen garrantzia azpimarratu zuen lehendakariak.

Hizkuntza harremanak

Euskararen arnasguneetan jatorria duten gazteek euskara transmititzerako orduan egiten duten lana txalotu zuen Miren Dobaranek. “Euskal hiztun asko ditugu, baina beraien jatorriarengatik euskaraz egiteko aukera handirik ez dute izaten. Arnasguneetako gazteek naturalki egiten dute euskaraz, eta kanpora joaten direnean, unibertsitatera, adibidez, euskaraz egiten dute beraien euskalkietan, eta horrek indarra ematen die beste gazteei. Horientzako beharrezkoa da euskaraz aritzen diren beste gazte batzuekin egotea”.

Gazteak topaketetan parte hartzera animatu zituen Dobaranek, “ondo pasako dutelako, baina, bereziki, ahalduntze horretan beharrezkoa izango delako”. Salto! gazte topaketak Zumaian hastea “garrantzitsua” dela azaldu zuen Maddi Aldalur Euskara eta Hezkuntza zinegotziak. “Zumaia herri euskalduna da eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak”, nabarmendu zuen. Zumaiako elkarteekin lanean dabiltzala ere adierazi zuen –Larraina euskara taldearen kasu–, baita herriko merkatariekin eta ostalariekin kanpaina bat abian jartzekoak direla ere, “euskararen erabilera sendotzeko Zumaian”.

Datuak

  • Noiz: 2020ko ekainaren 29tik uztailaren 5era.
  • Hiru etapa: 1. etapa: ZumaiaItziar (ekainak 29). 2. etapa: Itziar-Ondarroa (ekainak 30-uztailak 2). 3. etapa: Ondarroa-Lekeitio (uztailak 2-5). Nori zuzenduta:udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urte arteko gazteei. Guztira 50 lagunentzat izango da lekua.
  • Izen-ematea: uema.euswebgunean. Telefonoz 943-81 66 99 telefonora deituta. Posta elektronikoz: hezkuntza@uema.eus helbidera idatzita.
  • Epea: martxoaren 31. Prezioa: 89 euro.