HAPO garatzeko herritarrek parte hartzeko programa onartu dute plenoan

Baleike 2020ko mar. 2a, 11:29

Aurrerantzean, hiri antolamenduaren inguruko jarduera publiko eta sozialak sustatuko ditu Udalak. Udaltzaingoaren egituran aldaketak ere onartu zituzten: agente lehen perfileko bi postu sortzea eta postu horretarako hizkuntza eskakizuna eskuratzeko epea luzatzea. 

Herritarrek parte hartzeko programa aho batez onartu zuten joan den osteguneko osoko bilkuran. Hala, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) behin betiko onarpena eman bitartean garatuko duten prozesu luze eta konplexua gauzatzeko lehen pausoa eman dute. 

Onarpen horri esker, hiri antolamenduaren inguruko jarduera publiko eta sozialak sustatuko ditu Udalak. Zumaiarrei zuzenduko dieten parte hartze prozesu horren bidez, Zumaiako etorkizuneko plangintzari buruzko hausnarketarako topaguneak sortuko dituzte. Herritarren ekarpenak jaso, eta ekarpen horiekin aberastuko dute eduki teknikoa. 

Hizkuntza eskakizunak eta agente lehena
Horrez gain, pertsonal saileko hainbat erabaki hartu zituzten plenoan. Udal langileen eta kirol patronatuko legezko % 2ko soldata igoera onartu ondoren, udaltzaingoaren egitura aldaketari heldu zioten. Agente lehen perfileko bi postu izango dira aurrerantzean. Orain arteko egituran hiru udaltzain zeuden txanda bakoitzean –guztira, bederatzi–; aurrerantzean, hiru udaltzainek eta agente lehenak osatuko dute txanda bakoitza. Horrez gain, agente lehen postuari dagokion hizkuntza eskakizuna eskuratzeko epea luzatu zuten –3. perfila eskatzen diete agente lehenari–, udaltzain arruntek eskakizun hori eskuratzeko aukera izan dezaten.

EAJk egitura aldaketa horren aurka bozkatu eta desadostasuna agertu zuen. Hizkuntza eskakizunari dagokionez, "malgutasun hori bere buruari aplikatzen dion bezala, beste erakunde batzuetan horrelako kasuak daudenean ere izatea eta koherentziaz jokatzeko" eskatu zioten EH Bilduri. Jeltzaleen arabera, txandak osatzeko eta plantilla bermatzeko zailtasunei konponbidea ematea dira lehentasuna, eta ez agente lehen perfileko postuak. Asier Arakistain pertsonaleko arduradunaren arabera, oztopo horiei aurre egiteko neurriak hartu zituzten aurrekontuetan, Udalak berak lan poltsa propioa sortuta. Arritxu Marañon PSE-EEko zinegotziak egitura aldatzearen alde bozkatu zuen, EH Bilduren proposamenak arreta deitu ziola nabarmendu zuen arren. Haren hitzetan, hizkuntza eskakizuna eskuratzeko epea luzatzea izan da alde bozkatzeko arrazoia. 

Kartelak, pankartak eta pintadak
Eskari eta galderetan, kartelak, pankartak eta pintadak kentzeko zein irizpide erabiltzen diren argitzeko eskatu zioten jeltzaleek Iñaki Ostolaza alkateari. Hirigintzako batzordean gaiaren inguruan galdetu arren, "herritarrek jakiteko eskubidea" dutela nabarmendu nahi izan zuen Oier Kortak, EAJren izenean. Ostolazak, bere aldetik, EAJ alkatetzara iritsi aurreko irizpide berak mantentzen dituztela esan zuen. 

Paneletako kartelak asteazkenero kentzeko agindua dute udal brigadako langileek. Kartelak eta pankartak, aldiz, astelehenetan kentzen dituzte. Euskarri horietako edukiak iraingarriak diren kasuetan, berehala pasatzen dute horiek erretiratzeko agindua. Pintadak ezabatzeko agindua ere pasatzen dute, horiek eremu publikoetan daudenean. Horrez gain, kasu jakin batzuetan eta eskaera eginez gero, pankartak denbora gehiagoz uzten dituzte. Besteak beste, erresidentzietako langileen borroka, pentsiodunena eta euskara taldea aipatu zituen Ostolazak.