Jon Agirre: "Haztea da taldearen asmoa, eta nik harekin batera hazi nahi nuke"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ots. 29a, 19:07

Hilabete darama Jon Agirrek (Arroa Behea, 1997) profesional mailako txirrindularitza probetan parte hartzen, izen handienak dituzten alboan. Zumaiako Txirrindulari Elkartearekin hasi zen entrenatzen kadetea zela eta, zortzi urte beranduago, Kern Pharma taldearekin debutatu du gorengo mailan. Talde berria da Ken Pharma, beraz, Agotearrarentzat ez ezik, gainontzeko txirrindulari zein zaleentzat ere ezezaguna izan da orain arte.

Gaur Zumaian jokatu da afizionatu mailako Euskaldun Txapelketako lehen proba, eta txirrindulari elkarteak abagunea aukeratu du Agirreri omenaldia egiteko bere lorpenengatik.

Zer moduz ari zara moldatzen talde berrian?

Ondo ari garela uste dut. Taldean oso gustura nago; kilometro gehiago egin behar ditut, hori bai, baina gustura nago. Hasieratik nahiko ondo hasi ginen, eta ea horrela jarraitzen dugun.

Kern Pharma talde berria da. Zer aldatzen du horrek?

Berria denez, oraindik izenik ez duen talde bat da. Jendeak ez du ezagutzen. Dena berria da eta oraindik egiteko daude gauza asko. Hasieran nahas-mahas handiagoa, baina ari gara pixkanaka-pixkanaka izena hartzen. Hasieran, ezagutzen ez zaituztenez, jendeak ez dizu jaramon handirik egiten, arraroa zara. Baina lasterketak aurrera doazen heinean aldatuko da hori.

Zein da zure orain arteko txirrindulari ibilbideko momenturik kuttunena?

Bat esan behar banu, Tour de l’Avenir (etorkizuneko Tourra) proban irabazitako mendiko saria aukeratuko nuke. Hori da 23 urtez azpikoentzat munduko lasterketarik garrantzitsuena. Selekzio bakoitzeko sei txirrindulari joaten dira hara, eta hura izan zen nire tranpolina, izena eman zidana. Oso gustura nago garaipen hori lortu izanaz.

22 urte besterik ez dituzu. Ba al duzu aurrera begirako asmo zehatzik?

Ken Pharma taldeak hazteko asmoa dauka, eta nik harekin batera nahi dut hazi. Urtero pausoak eman nahi ditugu eta gero eta gorago iristen joan; ea lortzen dugun.

Ekipoak hazteko intentzioa dauka, eta nik haiekin batera nahi dut hazi. Urtero gero eta kategoria gehiagotara nahi dute iritsi, eta ea lortzen dugun.

Omenaldia egin dizute Zumaian gaur. Zer izan da zuretzat Zumaiako Txirrindulari Elkartea?

Hasi nintzen lekua. Hor ikasi nuen dakidanaren zatirik handiena, eta badakit talde horrengatik ez balitz ezingo nukeela txirrindulari izan gaur egun. Talde batean ez bazaude ezin duzu lasterketetara joan, eta ez nuke mundu hori ezagutu ere egingo. Oso pozik nago erakutsi didatenarekin, eta eskerrak eman nahi dizkiet egin didaten omenaldiagatik. Aurrerantzean ere zorterik onena izan dezan opa diot Zumaiako Txirrindulari Elkarteari.