Iruña-Veleiako auziaz hitzaldia izango da ostegunean Itziarren

Itziarko Auzo Udala 2020ko ots. 26a, 08:52

Testuingurua kokatu eta gertakariak argitzeko argudioak aurkeztuko ditu bertan Juan Martin Elexpuru filologoak.

Bere amaierara iristear da dagoeneko aurten neguko kultur programa Itziarren, egitarau luzearen ondoren. Horrela bada, “Zer ari da gertatzen Iruña-Veleian” izenburupean, azkenaldian hain entzutetsua bihurtu den auziaren inguruan hitzaldia eskainiko du gaian aditua den Juan Martin Elexpuru filologo bergararrak ostegunean.

2005 eta 2006an, Eliseo Gil eta Idoya Filloy arkeologoek zuzentzen zuten Lurmen taldeak 400 grafito “berezi” aurkitu zituen Iruña-Veleiako (Araba) aztarnategiko leku desberdinetan. Gehienek latinezko testuak zituzten, baina horietako berrogeita hamarretan euskarazko hitzak eta esaldiak agertzen ziren. Aurkikuntza oso inportantea zen Euskal Herriaren zein euskararen historiarentzat. Hasieran adituek ontzat eman zituzten, baina laster nagusitu ziren zalantzak eta EHUko irakaslez osatutako batzorde batek faltsutzat jo zituen 2008an. Arabako Aldundiak auzipetu egin zituen Lurmeneko bi arkeologo.

Hurrengo bi urteetan maila handiko adituek, gehienak atzerritarrak, hogei txosten egin zituzten benetakoak zirela aldarrikatuz. Lurmenek laborategiko froga fisiko-kimikoak eskatu ditu behin eta berriz, baina epaileak ez du onartu. Azkenik, 2020ko otsailean zehar burutu da arkeologoen kontrako epaiketa. Zazpi urte eta erdiko kartzela eta ia 300.000 euroko isuna eskatzen dute Eliseo Gilen aurka, azken asteotan ezagun egin den prozesuan.

Epaiaren ñabardurak ezagutu aurretik komunikabide gehienek faltsutasunaren teoriak be- rretsi dituzten bitartean, Elexpururen argudioek zalantzan jartzen dituzte Iruña-Veleiako ostraken inguruko bertsio nagusiak, eta bestelako ikuspegia dakarte. Ezin egungoagoa suertatu da beraz gaia. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Burugorri eraikinean.