Meaga egokitzea da irtenbidea

Aitziber Arzallus / Gipuzkoako Hitza 2020ko ots. 21a, 12:10

Itsas denboraleagatik kostaldean olatu handiak espero direlako, lur-jausia izan eta bidera harriak erori direlako edo errepidearen zatiren bat hondoratu delako, maiz itxi behar izaten dute Zumaia eta Zarautz arteko N-634 errepidea.

Zumaiarrek eta zarauztarrek A-8 autobidea har dezakete horrelakoetan, aukera azkarra baina garestia. Getariarrak, ordea, ezker-eskuin kondenatuta daude kostako bidea erabiltzera, eta hori itxita dagoenean, Meagako errepidea dute aukera bakarra. Arazoa zein den? “Errepide estua dela Meagakoa, eta ez dagoela prestatuta trafiko handia hartzeko”, dio Haritz Alberdi Getariako alkateak. “Errepide hori hobetzea eskatzen dugu getariarrok eta Getariako Udalak”.

Beti gertatu izan dira luiziak Zumaia eta Zarautz arteko N-634 errepidean, eta aurrerantzean ere hala izango dela ziurtatu du Jesus Angel Uriarte EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia irakasleak, alde batera mendia eta bestera itsasoa dituelako. Haren esanetan, ura da arazo guztien eragilea, izan euri ura, izan itsasokoa. “Errepideak flyscha zeharkatzen du. Funtsean, arroka gogor eta bigunen txandaketa bat da flyscha. Arroka bigunak higatu egiten dira, eta, ondorioz, arroka gogorrak euskarririk gabe geratu eta maldan behera erortzen dira. Bestalde, itsasoaren eta olatuen eragina dago. Horiek labarra jaten dute, errepidea oingabetu egiten da, eta horrek ezegonkortasuna sortzen du”.

Hemen jarraitu daiteke irakurtzen.