Lilatoiko talde handienaren saria jasoko du Emakumeon* Etxeak

Baleike 2020ko ots. 21a, 09:49

Martxoaren 1ean korrituko da Lilatoia, Donostian, eta parte hartuko duen talde jendetsuena Zumaiakoa izango da. Talde handienaren saria jasoko du Zumaiako Emakumeon* Etxeak. 

Pozaren pozez dira Zumaiako Emakumeon* Etxeko kideak. "Lilatoiko hiru talde handienetako bat izateko erronka bota genien herriko emakumeei. Hiruretako bat ez, lehenengoa izatea lortu dugu! 151 emakumek eman dute izena Zumaiako Emakumeon* Etxearen izenean".

Lilatoiaren egunean, martxoaren 1ean, korrika egin ostean, 11:30etan Donostiako Udaletxeko terrazara igoko dira garaikurraren bila.

"Ekimena oso baliagarria izaten ari da elkar ezagutzeko eta taldean korrika eginez gozatzeko", diote. Urtarrilean hasita, astean bi entrenamendu egin dituzte. "Lasterketa bertan da eta azken saioak geratzen dira", azaldu dute.

Emakumeon* Etxearekin harremanetan jartzeko bideak ere eman dituzte: zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com helbidean, edo 943-11 05 34 telefonoan, astearte, asteazken eta ostegunetan 16:00-20:00 ordutegian.