Egoitzetako langileek beraien aldarria Zumaiako kaleetara ekarri dute gaur

Baleike 2020ko ots. 20a, 16:15

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek 220 egun daramatzate greban. Kanpaina berria jarri dute abian langile hauek. Horren berri emateko Zarautzen izan ziren astelehenean, eta gaur Zumaian izan dira. 

Magnolio aurrean elkartu eta burutzen ari diren borrokaren berri ematen aritu dira, kartelak jartzen eta eskuorriak banatzen. Salatzen dutenez, lan taldearen herena baino gehiago ez da iristen 1.000 euro kobratzera, eta egoitza batzuetan bi laguntzaile besterik ez daude 140 erabiltzaile zaintzeko. Gizonezkoek lan egiten duten sektoreekin alderatuta, soldatetan desberdintasuna daudela ere salatu nahi izan dute. Aldea 6.000 eurora heldu daitekeela esan dute. 

Martxoaren 8arekin lotu dute egoitzetako langileek kanpaina berri hau. "Benetako politika feministak egin nahi badituzte, aukera badukate, baina ez dute nahi. Sektoreko gatazkan gertatzen ari dena Aldundiaren erantzukizuna da, sektorea %90ean finantzatzen baitu. Langileen eta egoiliarren ongizatea euren esku dago eta gero eta argiago daukagu", azaldu dute ELA sindikatutik.