Zer gertatzen da Puntanoetako lur eremuekin?

Oier Zeberio Maiztegi 2020ko ots. 20a, 12:48

Urteak aurrera doaz eta Puntanoeta II lursailean egin beharreko etxebizitza promozioak bere horretan jarraitzen du. Zer oztopo daude proiektuaren exekuzioan? Lurrak kutsatuta badaude, nondik dator kutsadura hori? Erreportaje honen bidez erantzun batzuk ematen saiatuko gara.

Zumaia Lantzen sozietateak Puntanoetako eremuan etxebizitzak egiteko diseinatutako proiektua oraindik ez da gauzatu. Ikuspuntu politikotik begiratuta, aldaketak izan dira Zumaiako Udaleko udal gobernuan, eta alderdi politiko desberdinak txandakatu dira agintean. Hori hala izanda ere, eta horrek atzerapenak eragin baditzake ere, eraikinen edo eremuaren egokitzapenen arrastorik ez egoteko beste arrazoi batzuk daude.

1994. urtean Espainiako Gobernuko Kosten Zuzendaritzak salaketa batzuk jarri zituen Arroaerrekaren (orain gutxira arte Narrondo ibaia) eskuin bazterrean, garaiko Iriondo Jatetxearen parean (gaur egungo Bittarte jatetxea) betelan batzuk egin zituztelako. Itzurun hondartzako eraikin bat eraitsi ondoren sortutako hondakinak, eta inguru hartan egindako prospekzio lan batzuen ondorioz sortutakoak, jaurtiki zituzten bertan. Horrez gain, enpresa batzuek isuritako koipeak eta beste produktu kutsakor batzuk ere hauteman zituzten bertako hezegunean.

Zabortegi bezala ere erabiltzen ziren GKN enpresaren atzealdeko lursail zati batzuk. Zabortegi horietako batek su hartu zuen 2000ko apirilean, eta 6-7 egunean izan zen sutea aktibo. Bost urte geroago, olio isurketen, pneumatikoen, hondakin ezberdinen eta hondar beltzen presentzia nabarmena hauteman zuten zabortegi hori egon zen lekuan.

Puntanoeta II eremuaren 2011ko urbanizazio proiektuaren bat eginez, sektore honetan bi ekintza eremu ezberdin zehaztu zituen Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikitako sozietate publikoak. Batetik, sei etxebizitza blokeren eraikuntza eta etxebizitza horien eta N-634 errepidearen arteko zubi bat eraikitzea proposatu zuen. Bestetik, "degradazio handia jasan zuen hezegunearen zati bat berreskuratzea" planteatzen zuen.

"Orain arte, aurkeztu diren proiektuen eta Eusko Jaurlaritzak egiten dituen eskakizunen arteko desadostasunek [hezegunearen berreskurapenari dagokionez] blokeatu dute proiektua"

2008ko lur berdinketarekin lotuta, URA agentziak eginiko kontsultei erantzuteko bi txosten igorri zituen Eusko Jaurlaritzak: lehena 2008an eta bigarrena 2010ean. Bioaniztasuneko Zuzendaritzak igorritako txostenetan, MA2-1 eremu gisa izendatutako lur eremu osoaren “berreskurapen ekologikoa” eskatzen zen. Ingurune horren berreskuratzea urbanizazio proiektuen barruan kokatzen den “beste obra baten gisa” klasifikatu behar dela zehazten zen. Horrez gain, txosten hauetan, ekintza ildo batzuk zehazten ziren, ordurarte aurkeztu ziren proiektuak "hezegunearen berreskurapenarekin bateragarriak ez zirela" argudiatuz.

Udaleko arkitekto Gorka Arregiren esanetan, azken puntu honetan identifika daiteke proiektuaren exekuzioan egon den traba nagusia. "Maila ezberdinetako administrazioen arteko gatazka eman da. Orain arte, aurkeztu diren proiektuen eta Eusko Jaurlaritzak egiten dituen eskakizunen arteko desadostasunek [hezegunearen berreskurapenari dagokionez] blokeatu dute proiektua", dio arkitektoak.

Lur kutsatuak

Puntanoeta II proiektuari dagokion 35.498,03 m2 ko sektorea hiru lur eremuren barruan aurkitzen da. Eremu hauek GEOIKER kodigoekin identifikatzen dira. ‘20081-00011’ eremuak, GKN enpresa, urbanizazio proiektuaren hegoaldean kokatutako bi etxebizitza eraikin eta hezegunearen zati bat hartzen ditu. Guztira 80.268 m2-ko azalera du lursail honek. ‘20081-00031’ eremuak, berriz, hezegunearen beste zatia hartzen du, eta 9.820 m2-ko azalera du. Azkenik, ‘20081-00032’ eremua identifikatzen da. Bertan promozioko lehen lau etxebizitza blokeak sartzen dira; bere azalera 13.054 m2-koa da.

Kutsaduraren jatorriari erreferentzia eginaz, hiru kutsadura foku identifikatzen dira: GKN enpresa, Narrondo zabortegia eta Ozio zabortegia

Kutsaduraren jatorriari erreferentzia eginaz, hiru kutsadura foku identifikatzen dira: GKN enpresa, Narrondo zabortegia eta Ozio zabortegia. GKN enpresaren inpaktu posiblea ‘20081-00011’ eremura mugatuko litzateke. ‘20081-00031’ eremuan, hau da, hezegunearen zati handiena dagoen gunean, Narrondo zabortegia bezala ezagutzen zena zegoen. Bertan, beira zepak, moldeetarako hondarrak, material arriskutsuen edukiontziak, pneumatikoak eta obra-hondakinak jaurti zituzten. Beste lau etxebizitza eraikin joango diren ‘20081-00032’ eremuan, berriz, Ozio bezala identifikatzen zuten zabortegia zegoen, eta bertan lurrak, arrokak eta obra hondakinak bota zituzten.

2011. urtean Lurgintza laborategiak lur eremuen esplorazio ikerketa bat egin zuen. Honako elementu hauen presentzia posiblea aztertu zuen: metal pisutsuak, BTEX (bentzenoa, toluenoa, etilbentzenoa eta xilenoa), TPH (petrolio hidrokarburo totalak), PAH (hidrokarburo aromatiko poliziklikoak), PCB (bifenilo polikloratuak), zianuroak, pestizidak eta disolbatzaile kloratuak, besteak beste. Lurgintzaren arabera, aurre karga egiteko erabili ziren jatorri naturaleko materialen gainean eraikuntza hondakin geldo kantitate handiak isuri zituzten. Lursailaren hegoaldean, hezegune bezala berreskuratu behar den eremuan, fundizioko hondar beltzen presentzia ere nabarmendu zuten. Azalerari dagokionez, hondakinek 2.000 m2-ko eremua hartzen dute.

Bi urte geroago, 2013an, Basoinsa aholkularitza enpresak ikerketa zabaldu eta hondeaketa planak idatzi zituen. Kasu honetan ere metal pisutsuen, BTEX, TPH, PAH, PCB, zianuroen, pestiziden eta disolbatzaile kloratuen presentzia aztertu zen.

Ihobe sozietateak “arriskuen analisi kuantitatibo” bat egin zuen kutsadura maila hauei lotuta. Bi eragin eremu zehaztu zituen: giza osasuna eta ekosistemak. Giza osasunaren kasuan, arrisku toxiko eta kartzinogenoari erreferentzia eginaz, Ihoberen esanetan, kontsideratutako hartzaile eta esposizio bide guztientzat kutsadura mailak “onargarriak” dira. Ekosistemen kasuan, ordea, “onartezina den arriskua” existituko litzateke.

Lursailaren hegoaldean, hezegune bezala berreskuratu behar den eremuan, fundizioko hondar beltzen presentzia ere nabarmendu zuten

Narrondo izeneko zabortegia partzialki aztertu zuen Ihobek, ordea. Txostenean dioenez, “ez dira ezagutzen isuritako hondakinen bolumen totala eta horien ezaugarriak”. Sozietate publiko honen esanetan, egindako ikerketek “lurren kalitateari egiten diote erreferentzia”, baina ez dago “kanpotik kudeatu ahal izateko bertan dauden materialean karakterizazioaren ia daturik”. Hezeguneari ere erreferentzia egiten dio, eta proiektuetan zehaztutako hondeaketa bolumenari Narrondo zabortegiari dagokion eremua gehitu behar zaiola dio, hau ez baitzuten ikertu osorik.

Gorka Arregi udaleko arkitektoaren esanetan, eremu horretan kutsadura dagoen arren, ez dago “arrisku egoerarik”. “Proiektua exekutatzerakoan, kutsatutako lurrak gunetik aterako dira”, azpimarratu du arkitektoak.

Gaur egungo egoera

Puntanoeta II etxebizitza promozioan sei eraikin egitea aurreikusten da, guztira 250 etxebizitza. Zumaiako Udalaren datuen arabera, aurrekontua 4.073.080,42 eurokoa da.

Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, administraziotik planteatzen den aukeretako bat plan partzialaren aldaketa da. “Hezegune guztia berreskuratu beharrean, hau izan baita proiektuaren exekuzioa blokeatu duen elementu garrantzitsu bat, proiektuari dagokion zatia berreskuratzea planteatzen da aukera gisa”, dio alkateak. Oztopoak gainditzea lortzen bada, proiektua exekutatzen saiatuko direla baieztatu du Ostolazak.