Etxe zaharren izenen xaflak berritu dituzte

Baleike 2020ko ots. 18a, 11:10

Etxe zaharren izenak bildu eta, horiek ezagutarazteko, errotuluak ezarri ditu Udalak.

Mapa toponimikoa lantzearekin batera, etxeen izen zaharrak biltzeko ahalegina egin du Udalak. Hala, izen horietako batzuk ezagutarazteko, altzairuzko 18 xafla ezarri ditu. Era horretan, agirietan begiratu eta izenen berri eman zuten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete. 

Xafla horiek erdoildu eta tratamendu berezi bat eman diete, zahar itxura izan dezaten. Udal brigadako langileek jarri dituzte, gehienak, Goiko plaza inguruko atarietan. Apallokoa, Amezketakoa, Arteagakoa eta Murgaetxea dira horietako batzuk. 

Ekimenarekin jarraitu eta beste etxe batzuetan ere antzekoak jartzeko asmoa du Udalak. Interesdunek Euskara Zerbitzuarekin jarri beharko dute harremanetan, udaletxeko 1. solairuan, eta, ahal dela, izen zaharren berri agiri bidez eman beharko dute.