'Dena gezurra da' erakusketa zabaldu du Olatz Landak Alondegian

Baleike 2020ko ots. 17a, 11:02

Olatz Landa artista beasaindarrak erakusketa zabaldu du Alondegiko Oxford aretoan. Dena gezurra da du izena erakusketak, eta martxoaren 1era arte bisitatu ahal izango da. 

Zumaian zabaldu duen erakusketa 2016an hasitako proiektuaren bigarren zatia da. Landak (Beasain, 1967) dioenez, erakusketa honetan, alde batetik, Maite Arrese ipuin kontalariaren narrazioetan oinarritutako pinturak daude, "ilustrazio literalak izan gabe, ipuin bakoitzean inspiratuta daudenak. Denboran zehar, zenbait ipuin berri sartu dira kontakizunean eta horrekin batera koadroak moldatuz joan dira. Horregatik, erakusketan aurreko koadroen argazkiak erakusten dira, gaur egungo koadroen alboan". Gainera aurreko irudiaren arrastoa ikus daiteke, artistak ez baititu guztiz estali nahi izan. "Artelan bakoitzak irudi indartsua du oinarri, izan argazki famatua, maisulan ezaguna edo artistak berak egindako argazkiak".

Bestaldetik, artistaren beste lan berriak ere ikusgai daude. "Pertsonen irudiak eta siluetak dira, emozioak, ametsak eta pentsamenduak irudikatzeko erabilita". Erakusketaren izenburuak gaur egungo gizartea inguratzen duen faltsutasunari egiten dio erreferentzia. "Bere parean, ume eta indigenen irudiek benetako errealitatea ordezkatzen dute". 

Erakusketa martxoaren 1era arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Igandetan ere zabalik izango da eguerditan, 12:30etik 14:00etara arte.