Agortu dira 'Zaldi urdina' antzezlanerako sarrerak

Baleike 2020ko ots. 14a, 15:06

Artedramak, Axut!-ek eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean sortutako Zaldi urdina antzezlanak gaur egingo du geldialdia Zumaian. 

Gaur ikusi ahal izango da antzezlana Zumaian, Aita Mariko zine aretoan. Jakinarazi dutenez, dagoeneko agortu dira antzezlana ikusteko sarrerak, beraz, leihatila gonbidapenak jasotzeko soilik zabalduko dute.

Tabuak hautsi, eta isilpean den heroinaren gaiari argia eman nahi izan dio Artedramak, Axut!-ek eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean sortutako obrak. 

Sinopsia
Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan.

Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera.

Aingeru poliziek baino lehenago aurkitu behar dute, eta abokatu on batekin joan epaitegira. Astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen. Atzera kontaketa bat da.

Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna.