Euskal errepublikaren aldeko irratsaioa egingo dute etzi Zumaian

Azaroan aurkeztu zuten Ehun mugimendua, Donostiako Dokan.

Burujabetza ardatz hartuta, irratsaioa egingo dute kalean. Errepublikaren aldeko aldarria egitetik praktikara eramateko asmoz antolatu dute ekimena.

Ehun mugimenduak euskal errepublikaren aldeko ekimenak antolatu ditu larunbaterako Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Zumaian ere herritar talde batek bat egin du mugimenduarekin. Irratsaio bat egingo dute kalean, eta podcast moduan ere zabalduko dute gero. Burujabetza izango dute hizketagai, eta hainbat gonbidatu ere izango dituztela iragarri dute.

Aldarritik praktikara
2019ko azaroan sortu zuten Ehun. Espainiako eta Frantziako legediek baimendu ala ez, errepublikaren aldeko aldarria egitetik praktikara eramateko asmoz sortu zuten mugimendua. Pedagogia independentista lantzea da helburua, eguneroko arazoetatik eta kezketatik abiatuz, Euskal errepublika baten beharra plazaratzeko.