'Euskara, bestela ez gara', bederatzigarrenez

Baleike 2020ko ots. 13a, 11:32
Iazko hitzaldi zikloko irudi bat. (Baleike)

Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hitzaldi zikloa antolatu du aurten ere. 2012an hasi zen “Euskara, bestela ez gara” zikloa antolatzen; beraz, aurten bederatzigarren aldia izango da. Urtero bezala, ahalegina egin da herrira begira jartzeko eta lau hitzaldietatik bik Zumaia izango dute ardatz. Hitzaldi guztiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira, 18:30ean.

Lehenengoa Maddi Sarasua bertsolari gazteak emango du, otsailaren 19an. Bere saioari “Euskara klase perspektibatik” ipini dio izenburua. Izan ere, Sooziolinguistika Klusterrak egindako ikerketen emaitzetan, errentaren eta hizkuntzaren arteko lotura agertzen da. Datuei begira, euskararekin lotuen dagoen giza taldea klase ertaina dela ondoriozta liteke. Bestalde, erdara hutsezko hezkuntza eredu publikoetako haurren profilek edota, orokorrean, euskararen erabilera datuek adierazten digute euskarak kapa proletarizatuenengana iristeko duen zailtasuna. Kezka hauek euskara eta euskalgintza klase perspektibatik hausnartzeko saiakera izango da euskararen biziberritzeari dagozkion galdera eta pista berri batzuk ireki asmoz.

Bigarrena otsailaren 26an etorriko da, Joseba Zulaika filosofo eta antropologoaren eskutik, bere ibilibide profesionala Nevadan, Renoko unibertsitatean egin du eta nazioarteko ikuspegi hori ekarriko du gurera. "Ingelesez? Gazteleraz? Euskaraz? Ikasle edo idazle baten aukerak eta dilemak" izenburuko hitzaldia emango du. Informazioan, hizkuntzan, kulturan globalizazioa nagusitu den honetan, ikasle edo idazle batek lehen erabaki oinarrizkoa egin behar du: zein hizkuntza aukeratu bere karrera egiterakoan edo bere liburua idazterakoan. Azken batean, hizkuntzaren funtzio komunikatibo, profesional eta emozionalen inguruan eztabaidatu nahi du, antropologia linguistikotik hartutako zenbait nozio erabilita.

Bigarren zatian herrira begira jarriko da zikloa. Martxoaren 4an, Imanol Azkuek “Euskara Zumaian 1766-1966: historia pixka bat, istorio batzuk” hitzaldia eskainiko digu. Udalaren beka bati esker, berrehun urteko tartean euskarak Zumaian izan dituen gorabeherak aztertzen aritu da zumaiarra. Euskaraz hitz egiten al zuten gure arbasoek? Ba ote zekiten gaztelaniaz? Zerk indartu zuen euskara? Eta zerk ahuldu? Galdera horiei eta gehiagori erantzuten ahalegindu da, iluntasunean adibide argigarri batzuk emanda. Iragana ezagututa, hobeto ekin ahal izango baitzaie etorkizuneko erronkei.

Azkenik, itxiera biribila emateko, Zumaian egindako ikerketa baten berri emango da martxoaren 11n. Jone Miren Hernandez eta Josu Ozaita gizarte antropologo eta ikertzaileek Soziolinguistika Klusterraren eskutik egindako ikerlanaren emaitzak azalduko dituzte: “Zumaiako gazteak euskararen eszenatokian. Irudiak, diskurtsoak eta bizipenak”. Gazte kultura zabal eta konplexu batean txertatzen dira Zumaiako gazteak, globalak diren zenbait joera partekatuz, baina, aldi berean, tokian tokiko egunerokotasuna kudeatzeko estrategia propioak asmatuz eta erabiliz. Errealitate konplexu honetan txertatzen da hizkuntza ere, euskara. Hitzaldian Zumaiako gazteek euskararekin duten harremanen inguruko zenbait gako azalduko dira, herritar gisa eta gazte gisa bizi duten errealitatea irudikatzeko asmoz.