Larunbatean jokatuko da Zumaiako 36. Herri Lasterketa

Baleike 2020ko ots. 12a, 14:00

17:00etan abiatuko dira helduen mailako korrikalariak, Eusebio Gurrutxaga plazatik. Aurretik, 15:45etik aurrera, haurren eta gaztetxoen probak jokatuko dira. Izen-ematea oraindik zabalik dago herrikrosa.eus webgunean.

Larunbat arratsaldean jokatuko da Zumaiako 36. Herri Lasterketa. Bi distantziatan korritzeko aukera izango dute lasterkariak: 5.600 metroko lasterketan, edo 10.200 metrokoan. Korrikalariak 17:00etan aterako dira Eusebio Gurrutxaga plazatik –helmuga ere plaza honetan bertan kokatuko da–. Erribera kalean barrena Amaiako plazara helduko dira, han buelta emanda, Txomin Agirre kaitik Axular ibiltokira helduko dira. Hor ekingo diote kroseko zirkuitu handiari: Axular ibiltokia-Txikierdiko biribilgunea-Jadarreko zubia-Basadi-Mendaro marinela-Moilaberriko zubia-Txomin Agirre kaia-Julio Beobide ibiltokia-Deba kalea-Juan Belmonte kalea-Itzurunbidea-Larretxo-San Telmo kalea-Amaiako plaza-Erribera kalea. Distantzia laburra aukeratu dutenek itzuli bakarra emango diote zirkuituari; luzekoek, aldiz, bi itzuli.

Izen-ematea oraindik zabalik dago herrikrosa.eus webgunean. Izen emateak 11 eta 13 euro balio ditu, hurrenez hurren. Egunean bertan ere izen eman ahal izango da, prezio altuagoan (13 eta 15 euroan).

Haurren lasterketak

Hori baino lehen, 15:45ean haurren eta gaztetxoen lasterketa izango da. Aurrebenjaminek (LH1-2) eta benjaminek (LH3-4) 300 metroko lasterketa egingo dute; alebinek 1.050 metrokoa (LH5-6); infantil eta kadeteek 2.100 metroko korrikaldia egingo dute (DBH1-4). Oraingo honetan, haurrek ez dute heldu baten laguntza beharko, boluntario talde batek gidatuko baitu gazteenen lasterketa.

Lasterketaren irabazleek jasotzen dituzten ohiko sariez gain, herriko hainbat ostalarik eskainita bazkari eta afariak zozkatuko dira korrikalari guztien artean.