Herri Eskolako Aita Mari eraikineko obrak eten ditu Udalak, betelan lurrak kutsatuta egon daitezkeelakoan

Baleike 2020ko ots. 11a, 14:33

Lurrak ikertzeko laginak hartu zituzten joan den astean, eta analisiaren emaitza jaso bitartean, geldirik egongo dira obrak. 

Herri Eskolako Aita Mari eraikineko jolastokia berritzeko lanak eten ditu Zumaiako Udalak. Patioko lurra altxatu dutenean betelan lurrak kutsatuta egon daitezkeela ohartu dira, Udalak ohar bidez jakitera eman duenez. Fundiziozkoa dela uste dute; hala ere, analisien emaitzak jaso arte ezin izango da ziurtatu.

Udalak "zuhurtziaz" jokatuko du, lanak ikastetxe eremuan egiten ari direla kontuan hartuta. Hala, aurkikuntzaren berri eman diote Eusko Jaurlaritzari eta IHOBEri –Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikitako Sozietate Publikoa–, legeak halako egoeretarako ezartzen duenari jarraituz. 

Halako egoeretarako aurreikusitako protokoloa martxan jarri, eta lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko erakunde baimendu batek laginak hartu zituen joan den astean. Aztertzera eraman dituzte, eta analisiaren emaitza jaso bitartean, obrak geldirik egongo dira. 

Udalaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio halakotan hartu beharreko neurriak zehaztea. Geldialdia zenbat denboraz luzatuko den jakiterik ez dagoen arren, alde guztiek konpromisoa hartu dute ahalik eta denbora tarte laburrena izan dadin.