Lau Oscar irabazi dituen 'Parasitos' emango du Ostarrenak ostegunean, zine forumean

Baleike 2020ko ots. 11a, 08:00

Parasitos pelikulak historia egin du. Lehen aldiz ingelesez ez den film batek irabazi du urteko pelikula onenaren Oscar saria. Ostegun honetan Zumaian ikusteko aukera izango da, zine forum saioan.

Bong Joon-ho zinemagile hegokorearraren pelikulak lau Oscar jaso ditu guztira: film onenarena, nazioarteko film onenarena, zuzendari onenarena, eta gidoi onenarena. Hau izan da herenegun Los Angelesen eman diren sarietako sorpresa handiena. Nazioarteko film onenaren saria jasotzeko faborito nagusia zen; besteak irabaziko zituela inork ez zuen pentsatuko, nahiz eta ados egon urteko pelikula onena izan dela.

Parasitos ostegun honetan ikusteko aukera izango da Zumaiako Aita Mari zinean, 22:00etatik aurrera, Ostarrenak antolatutako zine forum saioan.

Oscarretan saritutako beste pelikula bat ikusteko aukera ere izango da Ostarrenaren programazioan. Martxoaren 26an Joker filma emango du Zumaiako zine klubak. Pelikula honetan egindako lanagatik aktore onenaren saria jaso du Joaquin Phoenix estatubatuarrak.