Aurrealdean ibili dira zumaiarrak gaur bateletan

Baleike 2020ko ots. 9a, 19:41

Infantil eta kadete mutilek irabazi egin dituzte estropadak gaur goizean Trintxerpen. Infantil neskak eta jubenil mutilak ere fin ibili dira, eta bigarren postuetan sailkatu dira. 

Trintxerpen jokatu da gaur goizean Gipuzkoako Batel Ligako laugarren jardunaldia, eta zumaiarrek emaitza onak eskuratu dituzte bertan. Sailkapenaren aurrealdean ibili dira ia ontzi guztiak, eta garaipenak ere eskuratu dituzte.

Infantil eta kadete mutilek irabazi dituzte beren estropadak. Infantiletan, esaterako, lehia oso estua egon da, eta Zumaiak justu-justu lortu du San Juanen aurretik helmugaratzea. Kadete mutilek, berriz, aise irabazi dute estropada, Oriori hemeretzi segundoko aldea aterata.

Infantil neskek eta jubenil mutilek ere lan ona egin dute, eta bigarren postuetan sailkatu dira. Infantilek esku-eskura izan dute garaipena, eta segundo bakarreko aldearekin nagusitu zaie Tolosaldea.

Promesa neskak ere txukun ibili dira, eta hirugarren sailkatu dira gaurkoan.