Hirugarren egin dute Maite Etxabek eta Eñaut Aizpuruak denboraldiko lehen surfski proban

Baleike 2020ko ots. 9a, 12:33
Maite Etxabe eta Eñaut Aizpurua, atzo, podiumean (Argazkia: Peio Romatet)

Itxas-Gain piraguismo klubeko kideek beteranoen kategorian hartu dute parte Munduko Surfski Koparako puntuagarria den proban. Lanzaroten (Kanariak) jokatu da, larunbatean.

Podiuma eginda itzuliko dira etxera Lanzarotetik (Kanariak) Maite Etxabe eta Eñaut Aizpurua Itxas-Gain klubeko kideak. Munduko Surfski Koparako puntuagarria den proba jokatu zen atzo, eta hirugarren postua eskuratu dute biek. Beteranoen kategorian aritu ziren.

Hondartzaz hondartza, 40 kilometroko distantzia egin behar zen: Arrietatik abiatu, eta lehen zatian Costa Teguisera arteko 17 kilometroak itsasoz egin behar zituzten kirolariek. Ondoren, Arrecife arteko 10 kilometroak egin behar zituzten, eta amaitzeko, Puerto del Carmen arterainoko 13 kilometroak.

Mundu osoko 180 kirolarik emana zuen izena, tartean Itxas-Gain klubeko bi beteranoek; denboraldi honetan jokatu duten lehen proba izan da atzokoa.

Zumaiarren denborak

Emakumezkoetan Katrin Mueller nagusitu zen beteranoen kategorian, 03:15:29 denborarekin; bigarren Carola Cordes izan zen 03:19:29 denbora eginda; eta hirugarren, zumaiarra, 03:27:55 denborarekin. Emakumezkoen sailkapen orokorrean 13.postua eskuratu zuen Etxabek.

Gizonezkoetan, berriz, Aizpuruaren taldeko irabazlea Luis Manuel Ventura izan zen 02:48:21 denbora eginda. Bigarren postua Cesar Solisentzat izan zen, 02:50:58 denborarekin, eta zumaiarrak 02:55:41 denboran burutu zuen proba. Horrenbestez, gizonezkoen sailkapen orokorrean 55. sailkatu zen Aizpurua.