"Familiarentzat agonia da horrela egotea, nahi duguna da osabaren gorputza errekuperatu lehenbailehen"

Onintza Lete Arrieta 2020ko ots. 8a, 18:05

Helene Alberdi triatleta zumaiarraren osaba da aste honetan Zaldibarren luiziak azpian harrapatu duen langileetako bat. Publikoki eskatu die agintariei egin dezatela "errepidea irekitzeko egindako ahalegin bera" gorpuak aurkitu eta familiei emateko ere. 

Aste honetan Zaldibarren izan den luizi handiak azpian harrapatu dituen bi langileetako baten iloba da Helene Alberdi Zumaiako bizilaguna. Luiziak A8 autobidea itxita eduki zuen hainbat orduz, eta etengabe aritu ziren irekitzeko lanean. Bi langileen bilaketa lanak, ordea, geldoago doaz. Hainbat aldiz eten dituzte lanak, eta gaur ere jakinarazi dute bihar arte ez dutela jarraituko, gutxieneko segurtasunik ez dagoelako.

Horren aurrean, publikoki hitz egin du Alberdik. "Nahi dugu presioa egin eta aldarrikatu gure iritzia. Familiarentzat agonia da horrela egotea, nahi duguna da osabaren gorputza errekuperatu lehenbailehen", adierazi dio BALEIKEri telefonoz. 

"Zuzeneko informaziorik ez daukagu, eta ez zaigu ondo iruditzen hori". Errepidea zabaltzeko egin den "ahalegin bera" egitea nahi du desagertuta dauden bi pertsonen gorpuak aurkitu eta beren familiei emateko.