Zumaienak eta Mater ontzi museoak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute

Baleike 2020ko ots. 6a, 08:38

Plastifisharen Kostera izeneko proiektuaren barruan, Zumaienako eta Mater Ontzia Museoko arduradunek elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Proiektu honek, itsas hondakinen mehatxuak ardatz hartuta, hiritarrak beraien ingurugiroaren kontserbazioan inplikatzea du helburu.

Mater Ontzia Museo Ekoaktiboak Ternuarekin elkarlanean pentsaturiko proiektua da Plastifisharen Kostera, eta EOCA (European Outdoor Conservation Association) eta Gipuzkoa Foru Aldundiak babesten dute.

"Plastifisha inbasio bat da, itsas hondo sakonenetatik lurreko mendirik garaienak ere kolonizatu ditu. Plastifisharen Kosterak inbasio hau eteteko helburua du, bere iturritik hasita; ibaian gora aurkitzen diren kolektiboak arazoan esku hartzera inplikatuz eta inbasio honen hedapenaren prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatuz", azaldu dute kanpainaren sustatzaileek.

"Hitzarmen honekin, orain dela urtebete Surfrider Foundation eta Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmena indartzea du helburu Zumaienan", ikastetxeko zuzendaritzak azaldu duenez. Hala, DBH-ko ikasleez gain, LH-ko ikasleek ere parte hartuko dute sistematizatutako ekintza hauetan.