Zumaia gelditu dute herritarrek, baldintza hobeagoen alde

Baleike 2020ko urt. 30a, 20:01

Beheko plazatik hasita, herriko kaleak zeharkatu eta Saregileen plazan amaitu dute mobilizazioa. Ehunka zumaiarrek hartu du parte protestan. Argazkiak: Maria Maya Manterola.

Ehunka herritar bildu da Greba Komiteak deitutako arratsaldeko mobilizazioan. Lan-Pentsio-Bizitza duinak lelopean, Beheko plazatik hasi, eta herriko kaleak zeharkatu dituzte. Burujabetzaren eta pentsio eta soldata duinen aldeko aldarriak izan dira nagusi ibilbidean zehar. Saregileen plazan eman diote amaiera greba orokorreko azken mobilizazio jendetsuari.

Gazteen izenean, Haritz Egigurenek hartu du hitza. Desberdintasun sozialak, emantzipatzeko zailtasunak eta lehiakortasunean oinarritutako harreman eredu kontsumista eta kapitalistak izan ditu hizpide, besteak beste. Haren hitzetan, "desburokratizazioak, herritarren protagonismoak eta txinaurri lanak" egin du greba orokorra arrakastatsu. Hala, egunez egun lanean jarraitzeko konpromisoan berretsi dira.

Azken greba feministetako irakaspenetan oinarrituz, aldarrikapen ugari aipatu ditu Miren Osa Mugimendu Feministako kideak. Bizitza prekarioen aurkako mezua zabaldu du Osak. Era berean, indarkeria matxistarik, heteroaraurik, eta arrazakeriarik eta gerrarik gabeko bizitzen aldarria egin du. Karta Sozialean parte hartzen duten eragile eta sindikatuei greba feministako aldarrikapenak bere gain hartzeko eskaera egiteaz gain, zaintza kudeaketaren ariketa kolektiboa egitea proposatu dute. 

Pentsiodunen orain arteko lorpenak –Espainiako Gobernuak pentsioak % 0,9 igotzea, besteak beste– pentsiodunen borrokaren ondorio direla aipatu nahi izan du Pello Enparanek, Zumaiako pentsiodunen plataformaren izenean. Halaber, etorkizunean izan ditzaketen mehatxuak nabarmendu ditu: "Iraunkortasun faktorearen bitartez, jaitsi egin nahi dizkigute pentsioak". Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere zuzendu zaizkio. Haren hitzetan, instituzio horiek badute beren pentsioak 1080 eurora osagarritzeko eskumena. Horregatik guztiagatik, lorpenak txalotzeaz gain, borrokan jarraituko dutela iragarri du Enparanek.