Zumaia geldiarazi eta greba orokorrarekin bat egin dute herritarrek

Baleike 2020ko urt. 30a, 11:54

Zumaian ere goizean goiz hasi dituzte grebarekin lotutako ekimenak. Hainbat lantegi eta komertziok egin dute bat grebarekin; nabarmena izan da eragina.

Zumaiako hainbat lantegi eta komertziok egin dute bat grebarekin, eta nabarmena izan da grebak herrian izan duen eragina. Goizeko lehen orduetan enpresa guneetan izan dira piketeak, eta zabalik zeuden lantegi batzuk itxi dituzte. 

Lan-Pentsio-Bizitza duina lelo hartuta, ehunka herritar irten da ondoren protestan, herriko kaleetan zehar egin duten biran. Zabalik zeuden komertzio bakanak ixteko eskatu dute herritarrek. Besteak beste, zabalik zeuden Amaia plazako Ajuria farmazia, Pantxita Etxezarretako Txopa taberna eta Aita Mari auzategiko Eroski supermerkatua. 

Donostian 12:30ean egingo den manifestazioan hartuko dute parte hainbat zumaiarrek. Herriko mobilizazio nagusia 18.00etan abiatuko da, Beheko Plazatik.