Irudietan: Oikiako eskola berria inauguratu dute

Baleike 2020ko urt. 25a, 15:39

Urtetan Oikiako Eskolako irakasle izan zen Feli Uria omendu dute eskola berriaren inaugurazio ekitaldian.

Oikiako ikasleek Gabonetako oporraldia hasterako esan zioten agur Oikiako eskola zaharrari, eta urtarrilaren 7tik eskola berrian ikasten ari dira. Dena dela, horrelakoetan garrantzitsua izaten da eskola behar den bezala inauguratzea, eta eskola berriaren irekiera ospatzeko bildu dira gaur eguerdian Oikiako Eskolako ikasle, guraso eta irakasleak. Txalapartari, bertsolari, trikitilari eta dantzari gazteen agurrak borobildu du ekitaldi hunkigarria. 

Itziar Garciarena zuzendariaren esanetan, "egun pozgarria da gaurkoa okiarrentzat, eskola berria dugula ospatzeko bildu baikara". Hala, eskerrak eman dizkie eskola berria lortzeko bidean bidelagun izan dituzten norbanako eta eragile guztiei, besteak beste, Oikiako Kolarre Guraso Elkarteari, Zumaiako Udalari eta bereziki udaleko Hezkuntza eta Euskara teknikari Josune Herrarteri. Bestetik, urte askotan zehar Oikiako Eskola osatu duten irakasleak eta gurasoak ere izan ditu gogoan zuzendariak. "Garai bateko gurasoek eta irakasleek ikusi zuten Oikiako herriak eskola berria behar zuela, eta horretarako lanean hasi ziren buru-belarri. Ondoren iritsi garen irakasle eta guraso berriok jarraipena eman diogu eskola berri lortzeko proiektuari, eta denon lanari esker gaur egun dugun eskola lortu dugu". 

Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza Oikiako eskola berria egin ahal izateko gainditu behar izan dituzten trabez aritu da bere hitzartzean. "Kalitatezko hezkuntza publikoak ematen dio bizitza herriari, eta Oikiako eskola bizi-bizirik dagoen artean auzoa ere halaxe egongo da. Eskola hau oikiarrek bultzatu duzue , zuei esker egin da eta aurrerantzean oikiar belaundaldi berriek gozatuko dute. Gora Oikia!"

Feli Uriari omenaldia
Feli Uria urte askotan izan zen Oikiako Eskolako irakaslea, eta hari omenaldia egin nahi izan diote eskola berriaren inaugurazioan. "Eskola txikiaren handitasuna zer den ikasi genuen zurekin. Elkarlanean ikasten, adin desberdinen artean elkar irakasten, baita liburuetatik aparte ikasten ere. Hala ere, zurekin zerbait ikasi bagenuen herrigintza izan zen. Bakoitzak bere aletxoa jarriz gero gauza politak lortu daitezkeela erakutsi zenigun. Ikusi besterik ez dago gaur egungo auzoa, Oikia bizi-bizirik dago".

Uriak garairik okerrenetan "eskola txikiaren alde gogor borrokatu" zuela nabarmendu dute ekitaldian. "Gurasoekin batera gure eskola defendatu zenuen, itxieraren mamua erabat uxatu arte. Garaiak aldatu egin dira, eta gaur hemen dugun eskola berria egindako lanaren emaitza da. Ezin ahaztu egun honetan zutaz Feli, besteak beste zuk egindako lanari esker hemen ikasiko baitute Oikiako haurrek. Eskerrik asko guztiagatik Feli".