'Made in, made for' dokumentala izango da gaur Itziarren

Itziarko Auzo Udala 2020ko urt. 24a, 12:30

Moda industria erraldoiaren ekoizpen ereduari egiten dio kritika Jon Kareaga zuzendari zumaiar gaztearen lanak. Itziarko Burugorri ostatuan izango da ikusteko aukera, eta ondoren solasaldia ere egingo dute Kareagarekin batera.

Giro onean darrai aurrera Itziarko Auzo Udalak sustatutako udazken-neguko egitarau kulturalak. Hala, Jon Kareagak zuzendutako Made in, made for dokumentalaren emankizuna izang da gaur.

2019. urtearen hasieran Asian zehar (Bangladesh, Txina, India…) egin zuen bidaia Jon Kareagak, fast fashion deitu izan den joerako marka erraldoien ekoizpen kateak arakatuz. Gune horietako langileen baldintza gordinak dokumentatu eta moda-industriak ingurumenean eta pertsonengan duen inpaktua ezagutzera ematea zuen helburu. Mendebaldean bost euroren truke kamisetak erosi ahal izateko, hango emakume eta haurrek jasaten duten bizimodua, ia esklabutza egoeran aritzeraino. Hortik jaio zen Made in, made for dokumentala. Gaur egungo sistema zapaltzailearen biktimak erakusten ditu, baina baita aldaketarako lanean ari diren pertsona eta taldeen testigantzak ere.

Jon Kareaga (Zumaia, 1998) ingurumen ekintzailea da, Fridays for future eta Extinction Rebellion mugimendu globalen partaidea, eta arropa ekoizpena beste modu batean garatu nahi duen Bask marka berriaren fundatzaileetakoa. Donostiako Zara arropa denda entzutetsuaren atarian egindako eserialdi protestaren bidez egin zen ezagun joan den urtean, oihal industriari kritika eginez. Made in, made for dokumentala 19:00etan proiektatuko da ostiralean, Itziarko Burugorri eraikinean, ondoren solasaldia aurreikusten da bertaratutako jendearen artean, Jon Kareaga zuzendaria bera tartean izango delarik.