Iñaki Larrañaga: "Gogoari eta motibazioari eustea garrantzitsua da niretzat"

Baleike 2020ko urt. 23a, 16:43
Argazkia: Maria Maya Manterola.

Haurra zenetik arraun elkarteko harrobiko arraunlaria izan da Larrañaga (Zumaia, 1981). Entrenatzaile arituko da orain; 2016an egin zuen azken denboraldia arraunean.

2020ko arraun denboraldian gizonezkoen entrenatzailea izango zara. Noiz eta nola jaso zenuen gonbidapena?
Oporretan nengoen familiarekin, Landetan (Frantzia), irailean. Kontxako sailkapenaren ondorengo larunbat horretan izan zen. Deitu egin zidaten. Negutik susmatu nezaken entrenatzailetan aldaketaren bat egotea, baina inolaz ere ez niri eskaintza hori egitea.

Zalantzak izan nituen, baina bikotekideak konbentzitu ninduen. Hasieratik esan zidan baiezkoa eman behar nuela. Niretzat ardura handia zen, eta nire zalantza zen ea niri asko eman didan klub batean lan ona egiteko gauza izango ote naizen.

Kirolari bezala, zein izan da zuretzat denboraldi gogoangarriena?
Asko ditut gogoan, baina… Duela gutxi izan zelako agian, baina 2016an TKE ligara igo ginenekoa gogoratzen dut. Helduagoa nintzen, eta gazteagoekin igotzeak berak izugarri poztu ninduen. Beste era batera bizi izan nuen.

Eskarmentu handiko arraunlaria zara, baina entrenatzaile moduan hauxe izango duzu lehenengo urtea.
Urduri nago. Gauzak garbi ditut, baina ez dakit nire lanak emaitzak emango dituen. Nik arraunean ikasi izan dudana eta gustatu zaidana irakastea gustatuko litzaidake. Arraunlariak gustora egotea nahi dut, hori baita garrantzitsuena.

Luis Mari Olasagasti ‘Luxia’ izan duzu entrenatzaile urte askoan; azken urteetan, berriz, Patxi Fances. Hauengandik zer ikasi duzu, eta zer erakutsiko diezu ondorengoei?
Luxia izan da nire maisua, harekin pasa dut urte gehien. Arraunketa aldetik gertu kokatzen ditut Luxia eta Fances. Lehenbizikoak lan egiten zuen harategian, eta larri heltzen zen, baina errespetu handia genion denok. Hitzik egin gabe ere ulertzen genuen zer jaso nahi zuen guregandik.  

Fances arretatsuagoa zen detaileekin. Neurriak zehatzagoak behar zituen, esaterako. Orain arraunak karbonozkoak dira, neurriak mugitu egiten dira, eta gehiago jartzen zuen arreta kontu horietan. Lagun pila bat egin ditut, baina  badago  beste bat aipatu behar dudana, Jokin Urkidi. Arraunlaria zen gure ondoan, baina maisua ere bai; pertsona bezala eta kirolari bezala.

Zer eskatuko diezu arraunlariei?
Dutena ematea, gogoa jartzea eta lehiakorrak izatea. Nahiago dut indartsua den batek bere dena ematea baino, hain indartsua ez den batek dena ematea. Arraunlariek gogoari eta motibazioari eustea garrantzitsua da niretzat.

Nolako taldea duzu lanerako?
Guztira, 21 arraunlari ditut. Zaharrenak 28 urte edo izango ditu; taldearen urteen bataz bestekoa 21 urtekoa da. Talde gaztea da.


Orain arte ikusi dudanarekin gustora nago. Batzuk ezagutzen ditut, nirekin aritutakoak dira. Joseba Aristi eta Daniel Ariztimuño, adibidez. Aurten hasitakorik ez dago, iaz hasi ziren batzuk. Gauza batzuk zuzendu behar izaten dira, baina aldea egiten du horrek, martxa hartuta daudelako.

Bestelako laguntzarik izango duzu taldean? Prestatzaile fisikoren bat, dietista, laguntzailea…
Gaindituzeko Jokin Gijarro izango da prestatzaile fisikoa. Helena Albizu arituko da dietista lanetan. Neguan errelebotan egiten dut lan, eta arratsaldez egin behar dudanean, asteko entrenamenduetan Ion Larrañaga izango dut laguntzaile. Nik eskatu nion laguntza.

Zein izango da denboraldi honetako helburua?
Bigarren txandan aritzea espero dut. Beste klub batzuk ari dira fitxaketak egiten: Pedreña, Deustu... klub batzuk indartu dira, baina ez jaistea espero dut.
Eskerrak eman nahi nizkioke Naiara Olaizolari, beti alboan izan dudalako. Baita arraunean nire ondoan aritu diren guztiei ere. Jokin Urkidiri ere bai, arraunlari eta lagun ona izateagaz gain, balore onak erakusteagatik, eta Luxia-ri, urte hauetan guztietan egin duen lanagatik.