Azken atxiloketak salatu eta bakearen eta demokraziaren aldeko aldarria kalera atera dute

Baleike 2020ko urt. 23a, 09:53

Deklaratu ondoren utzi zituzten aske. Ia ehun harrera ekitaldi antolatzea leporatzen diete atxilotuei.

Guardia Zibilak Antton Lopez Kubati eta Oihana San Vicente Kalera Kalera euskal presoen aldeko dinamikako kideak, Oihana Garmendia Arabako Sortuko politika arduraduna eta Haimar Altuna Gipuzkoako Sortuko arduraduna atxilotu zituen atzo goizaldean. Deklaratu ondoren utzi zituen aske Guardia Zibilak, Espainiako Barne Ministerioak atxiloketen berri emateko oharrean iragarri bezala. Berria egunkariaren arabera, ia ehun harrera ekitaldi antolatzea leporatzen diete lau atxilotuei.

Zumaiako Sortuk deituta, kalera irten ziren atzo herritarrak, atxiloketak salatzeaz gain, bakearen eta demokraziaren aldeko mezua zabaltzera. Magnoliopean egin zuten elkarretaratzea, Atxilotuak askatu. Bakea eta askatasuna irabaztera lelo hartuta.

Harrera ekitaldien "buruak"
Espainiako Barne Ministerioak komunikatu baten bidez adierazi du "terrorismoaren goratze" eta "biktimen umiliazio" delituak egozten dizkietela, hiru urtetan zehar euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik. Ministerioaren arabera, lau atxilotuak harrera ekitaldien "benetako burua" osatzen dute eta, ustez, hainbat erakunde erabiltzen zituzten ekitaldien benetako antolatzaileak nor ziren ezkutatzeko. Harrerak hirugarren pertsona batzuek egiten zituztela adierazi du, baina atxilotutako "taldearen ildoa" jarraituz.

Kabat izena jarri diote operazioari, eta adierazi dute Guardia Zibila duela urte eta erdi hasi zela gaia ikertzen. Guardia Zibilaren arabera, 2016ko abenduaren eta 2019ko urriaren artean, 95 harrera egin dira Hego Euskal Herrian, "gehienak Kalera Kalera dinamikaren bitartez".